Ermuko jubilatuek hasiera eman diote Nagusien Astearen lau eguneko egitarauari, 11:00etan, plazako dantza ikastaroarekin. Eskulanen erakusketa ere zabaldu dute Lobianon, eta bi egunez egongo da irekita, 11:00etatik 13:00etara goizez eta 18:00etatik 20:00etara arratsaldez. Gaur goizean zehar ere, petanka txapelketa hasiko dute Valdespinako pistan; eta 18:00etan, Untzaga Jubiletxeko abesbatzak kontzertua emango du elizan.
Martitzenean, 10:30ean, gimnasia egingo dute plazan, eta erakusketak eta petankaren lehiak jarraipena izango dute.
Eguaztenean, berriz, plazako dantza ikastaroaren bigarren saioa egingo dute 11:15ean hasita, eta 18:00etan, jubilatuen kantu taldeak kalejira egingo du herrigunean.
Eguenerako, bi mendi-ibilaldi antolatu dituzte, ginkana eta guzti: lehenengo ibilaldia 08:30ean abiatuko da; bigarrena, 09:00etan. 14:30ean, herri-bazkaria egiteko elkartuko dira guztiak Merkatu Plazan. Bazkariko txartela 7 euroan eskuratu ahal izango dute bazkide direnek Jubilatuen Etxean bertan. Mahaian hestebeteak, haragi gisatua eta postrea izango dituzte; eta ura, ardoa, freskagarria eta ogia otordua laguntzeko.