Erdi Aroko giroa nagusituko da asteburu honetan Ermuan, artisautza, gastronomia, musika eta ikuskizunak uztartuz. Hiru egunetan zehar, hainbat pertsonaia, kale-antzerki, ipuin-kontalari eta ikuskizun izango dira, adin guztietako bisitarientzat.
Azoka bihar 17:00etan irekiko dute, eta inaugurazio ofiziala 18:00etan egingo dute. Arratsaldean zehar, hainbat ikuskizunek girotuko dituzte kaleak; besteak beste, Madame Toilette, Fausto Fauno, Bufoia eta Torquemada printzesa izango dira. Demoniun emanaldiarekin amaituko dute azokako lehen eguna, 21:45ean.
Hiru eguneko egitaraua
Larunbatean eta igandean goizez zein arratsaldez egongo da zabalik azoka. Goizeko jarduerak 11:00etan hasiko dira, eta 14:30ean egingo dute bazkaltzeko etenaldia. Arratsaldean, 17:00etan irekiko dituzte berriro postuak. Bi egun horietan, Erdi Aroko hainbat pertsonaia ibiliko dira plazan, baita ipuin-kontalariak ere.
Arratsaldeko egitarauan ere ez dira faltako kale-ikuskizunak. Larunbatean zein igandean 20:00etan egingo dute Herensugearen harrapaketa, eta ostiralean zein larunbatean, berriz, Sugarren xuxurla su eta aireko ikuskizuna eskainiko dute, 21:00etan.
Igandean, azokaren azken egunean, konpainia guztien desfile handia egingo dute, 20:45ean. Horrekin emango diete amaiera hiru egunez Ermuko erdigunea Erdi Aroko giroz beteko duten jarduerei.