Kirol Galaren lehen edizioa iazko urte bukaeran antolatu zuen Ermuko Udalak. Oraingoan gala urte hasierara aldatu duten arren, 2026an zehar herriko kirolariek eta erakundeek egindako lana eta lortutako merituak aitortuko dituzte.
Lehen gala horretan, Hodei Rivas gimnastari promesen Argia Saria eman zioten, eta Santiago Fuertes lasterkariari, beteranoen Izarra Saria. Aurtengo maiatzean zendu zen Alberto Lasueni Zuzen Saria eskaini zioten, txirrindularitzan egindako ekarpenagatik eta kirolaren balioak sustatzeko egin zuen lan guztiagatik. Lauko Errotabarriko neskek, oraindik Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzen zeudela, Taldea Saria eskuratu zuten. Nagusien kirol ibilbidea aitortzeko sortutako Urko Saria Francisca Suinagak eta Alfonso Vicentek jaso zuten, eta Gorabide elkarteak, berriz, Aukera Saria, kirolean inklusioa eta aniztasuna sustatzeagatik. Horiez gain, Artarrai Mendi Taldeak aipamen berezia jaso zuen, 50. urteurrenaren harira. Azkenik, 2025eko kirolari onenak izendatzeko Ermua Sariak banatu zituzten: emakumezkoena Anne Erauskin eskubaloi jokalariak jaso zuen, eta gizonezkoena, Miguel Ledesma triatletak.
Hautagaitzak aurkezteko azken eguna
Sari horiek guztiak banatuko dira berriz ere aurten, eta kirol klubek eta erakundeek euren kirolarien edo beste klub eta diziplina batzuetako kideen hautagaitzak aurkeztu ditzakete. Proposamenak Abiapuntu arreta-bulegoan edo kirolak@ermua.eus helbidera mezua bidalita egin daitezke, azalpen labur batekin eta, dagokion kasuan, 2026ko emaitzekin. Bihar, azaroak 20, bukatzen da hautagaitzak aurkezteko epea.
2025eko saridunak

MIGUEL LEDESMA TRIATLETA
"Ekitaldi hau super aberasgarria iruditzen zait Ermuko guztiontzako. Kirolarion bizimodua erakusteko aukera bikaina da eta gaztetxoentzako eredu izatea kirola egiten hasteko".

ANNE ERAUSKIN ESKUBALOILARIA
"Iaz gure herriko lehen Kirol Galan saritua izateak ilusio handia egin zidan, eta bihotzez eskertzen dudan zerbait da. Ekimen oso polita da kirola ikusgarri egiteko, gure kirolarien ahalegina aitortzeko eta gure herrian dugun guztiaz harro sentitzeko. Animatzen ditut herritar guztiak aurtengo edizioan parte hartzera, denon artean gala hau hazten joan dadin eta urtero hitzordu berezia bihurtu dadin".