Musikaz eta dantzaz jantziko da Ermua gaur Santa Zezilia ospatzeko

Garazi Mendieta

Alboka Musika Eskolako ikasleek eta Txindurri Dantza Taldeko kideek hartuko dute parte gaur 20:30ean Ermua Antzokian egingo den jaialdian. Dantza, musika eta abesbatza emanaldiak uztartuko dituzte Santa Zezilia ospatzeko.

Alboka Musika Eskolak eta Txindurri Dantza Taldeak Santa Zezilia jaialdia eskainiko dute gaur, azaroak 20, Ermua Antzokian. 20:30ean hasiko da ikuskizuna, musikaren zaindariaren omenez. Musika eskolako ikasleek eta Txindurriko dantzariek eta txistulariek hartuko dute parte. Besteak beste, dantzariak, txistulariak, musika eskolako konboa, Pispillu abesbatza eta trikitilari eta pandero-jotzaileak igoko dira oholtzara.

Sarrerak 4 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, Kutxabanken webgunean eta kutxazainetan. Gaur bertan ere erosi ahal izango dira Ermua Antzokiko leihatilan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik.