Eskaintza zabala iragarri du Ermuko Udalak A25aren agenda kulturalaren baitan

Ander Gomez

Askoa Etxebarrieta Lasheras La Pulga. LORALDIA

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da azaroaren 25ean, eta egitarau oparoa antolatu du Ermuko Udalak, Indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu lelopean. 

Egitarauko lehen jarduera Ebakiak, ahotsak, bizitzak, indarkeria matxistaren kontra erakusketaren irekiera izan da. Indarkeria matxistarekin lotutako hainbat adierazpen jasotzen dituen collageen bilduma da, Marieneako Sormen Topaketako emakumeen taldeak sortu du eta Emakumeen Topalekuko paretetan zintzilikatu dute. Azaroaren 9a ezkero ikusgai dagoen arren, eguazten honetan egin dute aurkezpen ofiziala, eta hilaren 30era arte egongo da ikusgai.

Azaroaren 24an, Ermua beldur barik jaialdia egingo dute Ermua Antzokian. LH5-LH6ko eta DBHko ikasleek hartuko dute parte, eta ikastetxeetan egindako lanak aurkeztuko dituzte. Mandarinas Al Sol taldeko kideak arituko dira aurkezle-lanetan –Barakaldoko Hiriko Soinuak Lehiaketako Berdintasunaren Sariaren irabazleak–.

Zinema, antzerkia eta liburuak

Egitarauak antzokian egingo diren bi film-proiekzio eta antzezlan bat ere jasotzen ditu. Azaroaren 21ean eta 22an, Sacamantecas filma proiektatuko dute; hilaren 28an eta 29an, berriz, Ruega por nosotros filma. Azaroaren 27an, Anduriña Zurutuzak eta Beatriz Egizabalek Jo! antzezlana aurkeztuko dute, euskaraz. Sarrerak Lobiano Kulturgunean eskuratu daitezke, 10 euroan.

Horrez gain, indarkeria matxistaren aurkako gida tematikoan gomendatutako liburuen bilduma eskainiko dute Udal Liburutegian eta Emakumearen Topalekuan, gaur hasi eta azaroa bukatu bitartean

Ekitaldi instituzionala

Azaroaren 25eko ekitaldi nagusia Orbe Kardinala plazako aterpean egingo dute, 12:00etan hasita. Askoa Etxebarrieta Lasherasek, La Pulga-k, flamenkoarekin emango dio hasiera, dantza aldarrikapenerako tresna gisa erabiliz. Ondoren, adierazpen instituzionala irakurriko dute.