ERREPORTAJEA

Juan Mari Aizpurua, bizitza oso bat Itziarko Santutegiko organoaren atzean jarrita

Nerea Bedialauneta Alkorta 2025eko abenduaren 19a

Zazpi hamarkada baino gehiago daramatza herriko organista nagusi gisa.

Itziarko Santutegiko organoaren aurrean esertzen den bakoitzean, beste errealitate batean murgiltzen da Juan Mari Aizpurua Aizpurua (Itziar, 1925). Bizkar gainean mende osoa daraman arren, igandero-igandero, etenik gabe etortzen da Donostiatik Itziarrera organoaren doinuaz meza janztera. Lehengo trebezia berarekin ez bada ere, oraindik ere badu indarra korura doazen 44 eskailerak igotzeko eta jaisteko. Gasparrene etxeko semeak burua argi dauka, eta, sasoiak laguntzen eta uzten dion bitartean, doinuak interpretatzen jarraituko duela azaldu du.

7 urterekin abestu zuen lehen aldiz elizako koruan, Olabe baserriko aitonaren hiletan; haren esanetan, une hartan piztu zitzaion musikarekiko grina. Koruan tiple bezala hezitako haur hura, urteekin, organista bihurtu zen. Oroitu duenez, bere kasa ikasi zuen instrumentua jotzen. Hasieran, bigarren organista gisa jardun zuen, bederatziurrenak jotzen; ondoren, organista nagusia hil zenean, 1953ko urtarrilean hartu zuen lekukoa, eta ordutik igande eta jaiegun guztietan aritu da zeregin horretan.

 

 

Ia 73 urte daramatza eginkizun horri lotuta. Banka munduan jardun zuen lanean, baina bulegoko ordutegiak ez zion inoiz eragotzi eliztarrekin hartua zuen konpromisoa betetzea. Hala, belaunaldi askotako herritarren elizkizunetan izan da presente organista itziartarra.

Bigarren omenaldia

Juan Mari Aizpuruak abenduaren 18an bete ditu 100 urte, eta, efemeride berezi hori aitzakia hartuta, Debako Udalak, Itziarko Auzo Udalak eta Itziarko eliza-koruak omenaldia antolatu dute haren "ibilbide artistiko eta pertsonal oparoari" aitortza egiteko. Etzi (abenduak 21), San Tomas egunean izango da ekitaldia, 12:30ean, Itziarko Santutegian bertan. Data gerturatu ahala, urduritasuna ezin duela ezkutatu onartu du omenduak: "Urte asko ditut, eta hau dena pasatu arte urduri egongo naizela uste dut".

Egun horretan herria eta herritarrak harekin abestera gonbidatzea izango da helburua

Hala ere, pozik eta ilusioz bizi du unea, bizitzan jasoko duen bigarren omenaldia izango baita. Izan ere, 1994an, Itziarren sorreraren 700. urteurreneko ekitaldien barruan ere egin zioten beste aitortza bat. Igande honetan ere santutegiko korura igoko da, organoaren parean jarri eta haren teklak eta pedalak eskuekin eta oinekin jotzera. Dagoeneko prest dauka omenaldian joko duen errepertorioa ere, eta, aurreratu duenez, kanturako abesti herrikoiak aukeratu ditu. Bere gustuko piezak izango dira, eta, Mikel Aizpurua haren semeak zehaztu duenez, egun horretan herria eta herritarrak berarekin abestera gonbidatzea izango da helburua. "Berak herriagatik jotzen du; beraz, egun horretan herriak berarekin abestea nahi du", dio omenaldia sustatzeaz arduratu den semeak. Omenduak berak nabarmendu duenez, ez du nahi jendea bera entzutera etortzea, "baizik eta parte hartzea eta kantatzea", garbi duelako herriak parte hartu beharko duela bere omenaldian, eta horrela egingo duela.

Liburua ere bai

Meza amaieran, gainera, Joseba Zulaika antropologoak eta Mikel Aizpuruak lankidetzan argitaratutako Juan Mari Aizpurua, 100 urteko bizipenak liburua ere aurkeztuko dute. Semeak argitu duenez, argitalpenaren kontua Zulaikari bururatu zitzaion: "Ikusi zuen aitak bazuela zer kontatua, eta aberatsa litekeela ume garaiko eta Itziarko bestelako istorioak jasotzea liburuan".

Besteak beste, bere aitaren bizitzaren lekukotasuna eta Itziarko argazki zahar asko jaso dituzte, baita hainbat kanturen partiturak ere. "Ekainean bideoan grabatu genituen hainbat doinu Itziarren bertan, eta liburuaren QR batetik edozeinek entzuteko aukera izango da", zehaztu du Mikel Aizpuruak. Aukeratutako piezen artean, "Itziarren bakarrik jotzen direnak" ere badaudela gaineratu du. Liburua, baina inon ez dela salgai egongo aurreratu du egileak. Soilik omenaldiaren egunean eskuratzeko aukera izango da, doan.

Jardunaldia bazkari baten bueltan borobilduko dute. Antolatzaileen esanetan, nahi duten guztiak gonbidatuta daude Salegi jatetxean egingo den otordura. Oro har, ezagutzen duten guztiak bertan ikustea gustatuko litzaioke omenduari.