Itziarko Auzo Udalak 1.275.623 euroko aurrekontua onartu zuen, aho batez, abenduaren 15ean egindako ezohiko batzarrean. Arantza Egaña auzo alkateak azaldu duenez, diru kopuru horren bidez gastu finkoei, diru-laguntzei eta inbertsioei egingo die aurre toki entitate txikiak.
Egañak azpimarratu duenez, urtero legez, aurrekontuaren zatirik handiena ohiko gastu finkoetara zuzenduko da: "Kontuan izan behar da Mankomunitateko hondakinen bilketarako 529.067 euro bideratzen direla, eta horrek baldintzatzen duela beste sailetan erabil daitekeen kopurua". Gastu maila handia baldin bada ere, herriko bizikidetza bermatuta egongo dela nabarmendu du. Testuinguru horretan, egungo ikastaroen eskaintzari eutsi egingo zaiola esan du, eta datorren urtera begira irakurketa talde bat martxan jarriko dela gaineratu.
Bestalde, Apaizetxeak jada eskola izaerarik ez badu ere, alokairua ordaintzen jarraituko dute. Erabilera askotariko gela gisa erabiliko dute espazioa; "Herriko taldeentzat bilera gelak, ikasgela bat eta liburutegi bat irekitzeko asmoa dago".
Inbertsioak
Inbertsioei dagokienez, 204.590 euro aurreikusi dituzte atal horretarako. Ohikoa denez, kopuruaren zati handi bat "egoera tamalgarrian" dauden baserri bideak konpontzera bideratuko dute. Leizarran –Arriola auzoa– eta Txindurri Iturri –Mardari auzoa– baserrietarako sarbideak hobetzeko proposamena aurkeztu dute Aldundiaren laguntzetara, 120.000 euroko behin-behineko aurrekontuarekin. Horrez gain, Alondegi kaletik beheko bide nagusira doazen eskailerak berritu eta falta zen espaloi zatia egiteko lanak zehaztu dituzte; horretarako, 22.000 euro erabiliko dira.
Egañaren iritziz, 2026an Debako Udalarekin elkarlanean egingo den azterketa sozioekonomikoa ere "oso estrategikoa" izango da. "Ezinbestekoak dira etxebizitza berriak Itziarren, eta, lanketa horrekin HAPOren berrikuntzan sartuko garenez, oinarrizko baldintzak ezarriko ditu gai garrantzitsu horri buruz hitz egiteko eta ekiten hasteko".
