Itziarko Auzo Udalak jakinarazi du Itziarren ere irakurketa taldeak jarriko dituztela martxan urtea hastearekin batera. "Irakurketak duen garrantziaz jabetuta, eta are gehiago pantailei itsatsita bizi garen gizarte honetan, literaturari bere espazioa eman nahi izan diogu, adin guztiak aintzat hartuz", nabarmendu du. Horiek horrela, urtarriletik ekainera bitartean egingo dituzte irakurzaletasuna sustatzeko saioak Kalebarreneko lokalean, hilean behin.
Alaine Agirrek gidatuko ditu hitzorduak. Bermeon jaio zen 1990ean, eta Gipuzkoan bizi da egun. Besteak beste, lau eleberri kaleratu ditu helduentzat: Odol mamituak (2014, Zazpi Kale Saria), X hil da (2015, Zilarrezko Euskadi Saria), Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (2017, Joseba Jaka Saria), Kamisoi zuri zetazkoa (2018), eta poema-liburu bat: Txoriak etortzen ez diren lekua (2017). Haur eta gazte literaturan ere obra zabala dauka kaleratua eta sari ugari jaso ditu azken urteotan. Hainbat hizkuntzatara itzuli izan dute: gaztelania, katalana, ingelesa, galegoa, daniera eta koreera.
Izen-ematea
Bi talde osatuko dituzte Itziarren, adinaren arabera banatuta: haurrei eta gaztetxoei zuzendutakoa bata (7-12 urte bitartekoentzat), eta helduena bestea (16 urtetik gorakoentzat). Saioak doakoak izango dira, baina antolatzaileek aipatu dute komenigarria dela izena aurrez ematea. Interesa dutenek Itziarko harrera bulegoan egin dezakete izen-ematea, 943 19 92 55 telefono zenbakira deituta edo apuntatu@itziar.eus helbidera mezu bat bidalita.
Saioak astearteetan egingo dituzte, arratsaldez; 7-12 urte bitarteko partaideak 17:30etik 18:30era arte elkartuko dira, eta helduen taldea 19:00etatik 20:30era ariko da. Gogorarazi dute liburua edo irakurgaia lortzea bakoitzaren ardura izango dela eta saiora bertaratu aurretik irakurri behar dela hizpide izango duten literatur lana. Dagoeneko iragarri dute saioen egutegia, baita irakurgaien zerrenda ere:
- Haurren eta gaztetxoen taldea (17:30-18:30):
-Urtarrilak 13: Hau ez da zoo bat. Alaine Agirre & Iratxe Lopez de Munain (Ipuin luzea)
-Otsailak 3: Oilasko hegalak. Eider Rodriguez & Arrate Rodriguez (Album ilustratua)
-Martxoak 3: Neskaotsok ilerik ez balu? Xabier Mendiguren, Alaine Agirre eta Belatz (Ipuin luzea, kolekzio baten parte)
-Apirilak 14: Tintin: Adarbakarraren sekretua. Hergé (Komikia)
-Maiatzak 5: Joemak eta polasak. Iñigo Astiz & Maite Mutuberria (Poesia ilustratua)
-Ekainak 9: Ezin dut, eta zer? Uxue Alberdi (Ipuin laburra) - Helduen taldea (19:00-20:30):
-Urtarrilak 13: Bekatua. Goiatz Labandibar
-Otsailak 3: Zaldi mamarroa. Ekaitz Goienetxea
-Martxoak 3: Zoriona edo antzeko zerbait. K. Mitxelena
-Apirilak 14: Pleibak. Miren Amuriza
-Maiatzak 5: Bisita, Mikel Pagadi
-Ekainak 9: Lakioa. Josu Goiko