Zabalik dago Lasturko IX. Mendi Martxan izena emateko epea

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 16a

Gehienez 500 lagunek parte hartu ahal izango dute martxan. Antolatzaileek jakinarazi dute kopuru hori gainditzen ez bada, martxoaren 1ean amaituko dela aurrez izena emateko aukera.

Martxoaren 15ean jokatuko da Izarraitz Bizirik elkartearen eta Itziarko Auzo Udalaren ekimenez antolatutako mendi martxa, eta dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Proba San Nikolas plazatik abiatuko da, 07:30ean, eta, aurreko edizioetan bezala, bi ibilbide izango ditu aukeran: 27,37 kilometrokoa bata —1.327 metroko desnibelarekin— eta 20,23 kilometrokoa bestea —1.009 metroko desnibelarekin—.

Interesa duten mendizaleek www.kirolprobak.com atarian eman dezakete izena. 22 euro ordaindu beharko dira ibilbide luzea zein motza egiteko, eta kamiseta bat jasoko dute parte hartzaileek opari. Ohartarazi dutenez, gehienez 500 lagunek parte hartu ahal izango dute martxan; izen-emateek, gaur-gaurkoz, 200 laguneko langa gainditu dute dagoeneko. 

Ezarritako muga gainditzen ez bada, martxoaren 1ean, 23:55ean, amaituko da aurrez izena emateko epea. Lekurik balego, 25 euroren truke egunean bertan ere izango da proban inskribatzeko aukera. Interesa dutenek irteera gunean jarriko duten mahaira jo beharko dute, 06:45etik 07:30era bitartean. Ohartarazi dute egunean bertan izena ematen dute parte hartzaileak kamisetarik gabe geratuko dira. 

Antolakuntzatik parte-hartzaileei hainbat gomendio egin zaizkie, besteak beste, izena emateko epea amaitu baino lehen ibiltzeko "azkar" eskatu dute, lekua agortzeko arriskua saihesteko. Halaber, izena emanda dauden artean zozketa bat egingo dutela gogorarazi dute, eta azpimarratu dute izena lehenbailehen emateak zozketa gehiagotan parte hartzeko aukera emango duela.