Bihar (urtarrilak 16) hasi eta asteartean amaituko dira San Sebastian jaiak Elorriagan eta festa batzordeak prest dauka ospakizunerako egitaraua. Iragarri dutenez, mus txapelketarekin hasiko da bihar (urtarrilak 16) jaietako ekitaldi sorta. 22:00etan zabalduko dute izen-ematea (20 euro bikoteko) eta ordu-erdi beranduago ekingo diete partidei, Lau-Haizeta elkartean. Larunbatean (urtarrilak 17), berriz, afaria egingo dute Urberu sagardotegian eta erromeria izango dute ondoren, Imuntzo eta Beloki trikitilariekin.
Iganderako, hilaren 18rako, bi hitzordu antolatu dituzte. Batetik, 12:00etan, sagardo dastaketa egingo dute auzoko sagardogileen eskutik; ekitaldia Garixe, Txino eta Maltzeta trikitilariek alaituko dute. 14:00etan, aldiz, bertso bazkaria izango da Jon Maia, Iker Zubeldia eta Iñigo Izagirrerekin. Antolatzaileek ohartarazi dute aurrez izena eman beharko dela, WhatsApp bidez, 680 63 31 75 telefono zenbakira mezua bidalita. Prezioa 25 eurokoa da.
Egun bateko atsedenaldiaren ostean, asteartean (urtarrilak 20) ospatuko dute San Sebastian eguna. Meza izango dute San Sebastian ermitan 11:00etan, Itziarko abesbatzaren laguntzaz, eta eguerdian herri-kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera egongo da Hodei Ezpeleta, Alex Txikon, Beltza eta Bihurrirekin. Urberu sagardotegian izango du jarraipena jai giroak, 14:00etan egingo duten herri bazkarian (ondorengo erromeria Elaia eta Jare trikitilariek girotuko dute). Festei 18:00etan emango diote amaiera eta txokolate jana egingo dute Lau-Haizeta elkartean.