Giro onean joan dira Elorriaga auzoko sansebastianak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 21a

San Sebastian egunarekin batera atzo (urtarrilak 20) amaitu ziren festak Itziarko Elorriaga auzoan.

Aurreko ostiralean (urtarrilak 16) ekin zieten jaiei, eta ospakizunek iraun duten tartean giro ona egon dela nabarmendu dute jai batzordeko kideek. "Jende askok parte hartu du, eta horretan eguraldiak ere asko lagundu digu. Txosnan, esaterako, ezer gabe geratu ginen. Lanez gainezka ibili gara auzoko elkartean", zehaztu dute. 

Besteak beste, jakinarazi dute 60 bikotek parte hartu zutela ostiralean Lau-Haizeta elkartean jokatu zen mus txapelketan. Giro polita egon zela azaldu dute antolatzaileek, eta goizaldera arte luzatu zela jokoa.  "Aurtengoan, Zumaiara joan da txapela. David eta Kepa nagusitu dira Elorrioko bikote baten aurka jokatutako finalean". Larunbatean (urtarrilak 17), berriz, Urberu sagardotegia egindako afaritan ere jende pila bat elkartu zela gaineratu dute. "Jatetxea beteta egon zen". Haren amaieran erromeria izan zen, Imuntzo eta Belokik girotuta. 

Iganderako (urtarrilak 18) eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, ateri mantendu zela aipatu dute. "Aurreikusitakoa baino jende gehiago etorri zen eguerdi partean egin zen sagardo dastaketara", hori hala, pozik agertu dira jai batzordeko kideak. Ondoren, Jon Maia, Iker Zubeldia eta Iñigo Izagirre bertsolariekin egindako bertso bazkaria ere jendetsua izan zela gaineratu dute. "Saio polita eskaini zuten bertsolariek eta 92 pertsona elkartu ginen karpan". 

Egun handia

Egun bateko atsedenaldiaren ostean, asteartean (urtarrilak 20) amaitu zituzten jaiak, San Sebastian egunarekin batera. "Urtero bezala, jende asko bertaratu da auzora. Kanpoan bizi diren auzotarrek egun horretan etortzeko ohitura dute eta bueltako jubilatu askok ez dute hutsik egiten", esan dute jai batzordeko kideek. Urtero bezala, San Sebastian ermitan egindako mezarekin hasi zuten eguna eta, ondoren, herri kirolen saioa izan zen. "Auzoko plazan bilduta egon zirenen aurrean erakustaldi polita eskaini zuten Hodei Ezpeletak, Alex Txikonek, Beltzak eta Bihurrik". 

Urberu sagardotegian egindako herri bazkariarekin jarraitu zuen festak eta Elaia eta Jare trikitilariek giro "ederra" jarri zutela azpimarratu dute. Ohi bezala, Lau-Haizeta elkartean egindako txokolate-janarekin eman zieten amaiera jaiei. "Elkartea ere beteta egon zen; 40-50 lagun inguru batu ginen".