Itziarren ere ikusgai izango da 'Irabazi arte' telesailaren atal berria

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko urtarrilaren 29a

EITBk otsailaren 6an estreinatuko du telesailaren denboraldi berria ETB1en, baina UEMArekin duen hitzarmenari esker, itziartarrek lehen atala astebete lehenago ikusteko aukera izango dute.

Irabazi Arte! telesailaren denboraldi berria ate joka dago. EITBk bihar (urtarrilak 30) estreinatuko du telesailaren 5. denboraldia haur eta gaztetxoen Makusi plataforman, eta otsailaren 6an izango da ikusgai lehen atala ETBren lehen katean.

Hala ere, estreinaldia lehenago iritsiko da hainbat herritara: bihartik aurrera, UEMAko kide diren 90 herritan ere ikusi ahal izango da, tartean, Itziarren. Izan ere, UEMAk eta EITBk euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko sinatuta duten hitzarmenari esker, euskarazko telesail arrakastatsuenak UEMAko kide diren herrietako zinemetan eta areto publikoetan estreinatzeko lizentzia du UEMAk.

Itziarren, hain zuzen, bihar bertan emango dute telesailaren atal berria, primizian. Emanaldia 18:00etan izango da, Burugorri gainean, eta sarrera doakoa izango da.

EITBren telesaila futbolaren bueltan girotuta dago, eta nerabeen bizipenak, erronkak eta harremanak ditu ardatz. Denboraldi berrian, Arenek eta bere lagunek institutuko azken urteari egingo diote aurre. Urte berezia izango da, gainera: norbait ez dago futbol klubaren festa egunean igerilekuan gertatutakoa ahazteko prest, eta denek jasan beharko dituzte zorigaiztoko gau hartan gertatutakoaren ondorioak.