Radio Euskadi Itziartik gaur, Irratiaren Nazioarteko Egunean

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko otsailaren 13a

Radio Euskadiren Recalculando irratsaioa Itziartik emitituko dute gaur (otsailak 13), Irratiaren Nazioarteko Egunean; 12:00etan hasiko da saioa. Leire Arrieta Deustuko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle eta doktorea izango da gonbidatuetako bat, eta Alex Turrillas historiazale debarra bestea.

Itziarko Auzo Udalak jakinarazi du Itziartik emitituko dutela gaur Recalculando saioa. Nazio Batuek 2012. urtean izendatu zuten otsailaren 13a Irratiaren Munduko Eguna, eta irrati askok eduki bereziak prestatzen dituzte gaurko egunerako. Saio berezi horietako bat izango da, hain justu, Itziarkoa ere.

Eta zergatik emitituko duten Itziartik? Bada, horren arrazoia ere azaldu du Auzo Udalak: "Inork gutxik daki 1936an, Gerra Zibilean, Donostia erori ondoren, Itziarko Ketari baserria izan zela 12 egunez orduko Radio Euzkadi irratiaren egoitza, Debako alkate Polentzi Markiegiren ekimenez. Tropa frankistek aurrera egin ahala, La Galeara (Getxo) eraman zuten emisora, eta handik Mugerrera (Lapurdi). Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Francoren errejimenean, erbesteratu beharra izan zuen, Venezuelara, gerora Radio Euskadi izango zenaren haziak".

Bada, otsailaren 4an grabatu eta gaur emitituko duten Recalculando saioan gogoraraziko dute irratiaren historiako pasarte hori. Komunikabidearen ibilbideaz ez ezik, Itziarko historiaz ere ariko dira bi gonbidatuak: Leire Arrieta Deustuko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle eta doktorea, eta Debako Kultur Elkarteko kide Alex Turrillas historiazalea. 12:00etatik 13:00etara bitartean izango da entzungai Jon Bilbaok eta Mikel Ibañezek aurkeztutako saioa.