Lasturko aterpetxearen ustiapena lizitaziora atera du Auzo Udalak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko otsailaren 25a

Kontratuaren aurrekontua 10.000 eurokoa da, BEZik gabe; martxoaren 4ra bitartean aurkeztu daitezke proposamenak.

Lasturko plazan kokatuta dagoen aterpetxea kudeatzeko eta ustiatzeko lizitazioa argitaratu duela jakinarazi du Itziarko Auzo Udalak. Prozesu irekia da eta espedientea Internet bidez kontsulta daiteke, labur.eus/aterpetxea estekan. Martxoaren 4an, asteazkenez, amaituko da proposamenak aurkezteko epea.  

Orain dela bost urte egin zuten azkenekoz aterpetxearen lizitazio-deialdia eta, ildo beretik, oraingoan ere bost urterako kontratua izango du (sei hilabeteko frogaldi-epea barne) esleipendunak, emakida beste bost urtez luzatzeko aukerarekin. Aurrekontua 10.000 eurokoa da, BEZik gabe. Lizitaziora aurkezten diren pertsonek 4.000 euroko gutxieneko kanona jarri beharko dute; kopuru horretara iristen ez diren eskaintzak deialditik kanpo geratuko direla jakinarazi du Itziarko Toki Entitate Txikiak.

Internet bidez ez ezik, paperean ere aurkeztu dezakete beren proposamen ekonomikoa interesdunek. Horretarako, Itziarko bulegora jo beharko dute, Mutxiarte kalean.   

Zerbitzuak

Esleipenduna aterpetxean ostatu zerbitzua bermatzeaz arduratu beharko da, gosariak ere eskaini ahal izango ditu (aukeran) eta eraikinean bertan kokatuta dagoen Geoparkearen interpretazio zentroa kudeatu beharko du.

Auzo Udalak nabarmendu bezala, "aisialdirako eta bestelako egonaldietarako estimu handia du azpiegitura honek, bere kokapen egokiari eta inguruan duen paisaia ederrari esker. Donejakue Bidearen ondoan kokatua, ostatu ezin hobea da erromesentzat ere". Eraikinak neurri ezberdineko logelak, bezero guztientzako egongela bat, erabilera anitzeko areto bat eta sukaldea ditu.