Udaberria iristearekin batera, martxoaren 21ean, larunbatez, ospatuko dute aurtengo Kardantxulo Eguna Itziarren. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta ekimenetan parte hartzeko eta festara batzeko dei egin diete herritar guztiei.
Hauxe azaldu dute antolatzaileek: "Jatorriz Andutz Biltokiak antolatutako eguna izan arren, azken urteotan Itziarko Gazte Asanbladako kideok hartu dugu erreleboa". Nolanahi ere, ez da gazteei bakarrik zuzendutako hitzordua, "denok batera gozatzeko eguna baizik. Kardantxulo Eguna herritarrok herritarrontzat antolatutako eguna da", nabarmendu dute.
Mozorrotzeko askotariko gaiak proposatu izan dituzte aurreko urteetan, hala nola Musika izarrak, Zirkua, Itsasoa, Superheroiak, Etorkizuna, Telebista... Aurtengo deialdian, aldiz, Mitologia izango da gaia.
Festa goizetik gauera
Goizean ekingo diote egitarauari: 10:00etan plazatik abiatuta, pare bat orduko mendi irteera egingo dute. Eguerdi partean, 13:00etan, Kalebarrenean hasiko den triki-poteoak berotuko du giroa, Itziarko trikitilari gazteen eskutik. Eta, ondoren, bazkaria egingo dute plazan, 15:00etan; txartelak hilaren 10era arte egongo dira salgai, 15 euroan, Burugorrin eta Gure Dendan.
Beste urte batez, musika izango da protagonista, bai iluntzean, bai gauean. Izan ere, 19:00etatik aurrera Skapaie elektrotxaranga ariko da kalez kale, eta, eguna biribiltzeko, Ahantzi taldearen erromeria saioa izango da, plazan, 23:00etan.