Igandean (martxoak 15) izango da Lasturko IX. Mendi Martxa, Izarraitz Bizirik elkarteak eta Itziarko Auzo Udalak antolatuta. Proba 07:30ean abiatuko da, San Nikolas plazatik, eta parte-hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzea, 27,37 kilometrokoa eta 1.327 metroko desnibelarekin; eta motza, 20,23 kilometrokoa eta 1.009 metroko desnibelarekin.
Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako mendizaleek osatuko dute igandeko parte-hartzaileen zerrenda. Eta, antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzeko ezarri zuten 500 laguneko muga izena emateko epea amaitu baino lehen bete zen. "Martxo hasierarako beteta zeuden leku horiek guztiak", zehaztu du antolakuntza taldeko Josu Izagirrek. Pozik dago aurten ere parte-hartze muga betetzearekin. "Iaz bete zen lehenengo aldiz 500 pertsonako muga, eta, aurten ere horrela izanda, pozik gaude", erantsi du.
Probaren arrakastaren arrazoia zein izan daitekeen ematera ere ausartu da Izagirre: "Uste dugu Lasturrek berak duen ingurunea jendeari gustatu egiten zaiola eta horregatik etortzen dela hainbeste jende proban parte hartzera. Gu ere saiatzen gara guztia ondo antolatzen eta jendea ondo tratatzen; bietako bat izango da, nire ustez".
Andutzeko gerri-bueltatik
Ibilbideari dagokionez, antolatzaileek aurreratu dute aurten ere moldaketak izango dituela martxak. Urtero bideari aldaketaren bat egiten saiatzen direla adierazi du Izagirrek, parte-hartzaileek inguru berriak ezagutzeko aukera izan dezaten. "Aurten, adibidez, Itziar aldera ere joango gara, eta, aspaldiko partez, Andutzeko gerri-bueltatik igaroko da martxa; azkenekoz, 2015ean igaro ginen azken toki horretatik, baina orain pasako diren askori bide berria dela irudituko zaie".
Izagirrek eta taldekideek mendiaz gozatzera etortzeko gonbita egin diete izena emanda dauden parte-hartzaile guztiei, baina, aldi berean, lasai ibiltzeko eskatu diete, aparkatzeko garaian gerta daitezkeen arazoak saihesteko. "Jendeak, ziur aski, aparkatzen hogei bat minutu galduko ditu, eta, beraz, pazientziarekin etortzeko eskatzen diegu. Denetara 500 lagun izango dira, eta ez dago korrika eta presaka ibili beharrik ere".