Maiatzaren 2an, larunbatez, ospatuko den XVI. Erromeria Eguneko bazkarirako txartelak salgai daudela iragarri dute Andutz Euskal Dantza Taldeak eta Itziarko Auzo Udalak. Zabalsoro frontoian egingo dute herri bazkaria, 14:30ean, eta txartelak apirilaren 28ra arte egongo dira eskuragarri, Burugorri Ostatuan, Itziarko Hostalean edota Internet bidez, labur.eus/bazkaria estekan.
Helduen menu orokorra honako hau izango da: entsalada mistoa, baserriko oilaskoa parrillan, txerri-saiheskiak parrillan, Eceizako pasteltxoak, ogia, kafea eta edariak. Menu beganoa, berriz, entsalada mistoak, menestrak, lasagnak eta postreak osatzen dute. Biak ala biak 23 euroan eskainiko dituzte. 14 urtez azpikoentzat, bestalde, umeen menua prestatuko dute, 13 euroan: iberikoak, urdaiazpiko-kroketak, baserriko oilaskoa parrillan patatekin, izozkia, ogia eta edariak.
Egun osoko festa
Bazkariaz harago, egun osoko egitaraua dakar, beste urte batez, Erromeria Egunak. Kalejirek, dantzek, Trikitixa Eskolako ikasleen emanaldiak eta erromeriek berotuko dute jai giroa. Txankartaren argazki erakusketa ere izango da, Tranpapean.