Basogintzari buruzko solasaldia egingo dute Itziarren

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko apirilaren 23a

Hitzaldia gaur (apirilak 23), 19:00etan, izango da, Burugorri gaineko lehen solairuan, eta Tantai Baso Jabe Kooperatibako kideek gidatuko dute.

Basogintzari buruzko solasaldia izango da gaur (apirilak 23) Itziarren. Itziarko Auzo Udalak, Deba-Itziar Nekazaritza Elkarteak eta Tantai Baso Jabe Kooperatibak elkarlanean antolatu dute saioa, eta 19:00etan hasiko da, Burugorri gaineko lehen solairuan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Tantai Baso Jabe Kooperatibako kideak ariko dira hizlari lanetan, eta basogintzaren kudeaketari zein eredu intentsiboen aurrean egon daitezkeen aukerez jardungo dute. Hitzaldian hainbat gai jorratuko badituzte ere, saioa aholkularitza gisa planteatu dutela nabarmendu dute. Hau da, bertaratzen direnek gaiari lotutako kontsultak egin eta zalantzak argitzeko aukera izango dutela adierazi dute. 

Hori horrela, gaian interesa duten herritar guztiak gonbidatu dituzte solasaldira, informazioa jaso, esperientziak partekatu eta basogintzari buruzko kezka zein galderak zuzenean adituekin lantzeko aukera izango dutela azpimarratuta.