Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira, ipuin-kontaketa saioa izango da Itziarren

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko apirilaren 23a

Xabi Etxaniz, Maitane Unanue eta Mirari Alkorta, 'Inoiz ez desagertzeko ipuina' album ilustratuaren egileak. Argazkia: Esti Beristain/ PROGOS STUDIO

Bihar (apirilak 24), 18:30ean hasita, Inoiz ez desagertzeko ipuina album ilustratua izango dute hizpide Burugorri gainean egingo den saioan; bertan izango dira Mirari Alkorta eta Maitane Unanue egileak, baita Xabi Etxaniz ilustratzailea ere.

Gaur (apirilak 23) Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan, eta horren harira, hainbat ekintza eta ekitaldi antolatzen ari dira han-hemenka, literaturari eta irakurzaletasunari balioa emateko. Itziarren ere bat egin dute ospakizunarekin, eta ipuin-kontaketa saio berezia egingo dute bihar (apirilak 24). Lizarbe Guraso Elkarteak antolatutako ekitaldia 18:30ean hasiko da, Burugorri gainean.

Saioan Inoiz ez desagertzeko ipuina album ilustratua izango dute hizpide, eta bertan parte hartuko dute Mirari Alkorta eta Maitane Unanue egileek, baita Xabi Etxaniz ilustratzaileak ere. Mimatuz proiektuaren baitan sortutako bigarren lana da liburua (Denonartean, 2023), eta askorentzat zaila izan daitekeen gai bat jorratzen du: heriotzarekiko beldurra, haur eta helduentzat egokitutako ikuspegi hurbil eta zaindu batekin.

Musikarekin lagunduta

Mimatuz proiektuko kideek aurreratu dutenez, saioa berezia izango da, musikaz eta zuzeneko ilustrazioez lagunduta. “Xabi ere zuzenean marrazki batzuk egiten arituko da, gu ipuina kontatzen ari garen bitartean”, zehaztu du Maitane Unanuek.

Mimatuzeko kideek azaldu dutenez, biharko saioaren helburua giro goxo eta gertukoa sortzea izango da, “Itziarko eta inguruko haur, gazte zein helduekin literaturaz gozatzeko”. Horrez gain, literaturari eta liburuei balioa ematea ere bilatzen dute: “Guretzat altxorrak diren liburu hauei lekua ematera gonbidatu gaituzte”, adierazi dute.

Hori horrela, herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira, “ipuinek sortzen duten magiaz gozatzeko eta literaturaz elkarrekin gozatzeko tarte bat partekatzeko”.