'Enarak' dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia, gaur, Burugorri gainean

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 30a

Dokumentalaren fotograma bat.

Gaur, apirilak 30, Enarak dokumentala proiektatuko dute Burugorri eraikineko lehen solairuan, 18:00etan. Eta, ondoren, solasaldia egongo da Beñat Iturrioz zuzendariarekin eta filmeko protagonistetako batekin, Jon Iturriozekin.

Diktadura frankista betean, 1967an, sortutako izen bereko musika taldeari buruzko lana da Enarak. "Askatasun egarri ziren seminarista batzuek" sortu zuten taldea. Eta, dokumentalaren ekoizle Bira Produkzioak-ek gogorarazi bezala, "garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Ehunka kontzertu eman ondoren, 1971n misteriotsuki desagertu ziren, betirako".

Mende erdia igaro bada ere, abeslariaren seme Beñat Iturrioz taldearen aztarnen bila abiatu da, ornitologia, collagea eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgilduz. "Nahi nituen piezak batu, taldearen historia edo bilakaera berreraikitzen saiatzeko. Aztarna horien bilaketa da, nire ikuspuntutik. Lehenengo pertsonan kontatzen dut, abeslaria nire aita zelako", azaldu du egileak berak. Dokumentalaren bueltan, gainera, Enaraken lehen diskoa berrargitaratu zuten 2024an (Elkar); taldearen hiru bertsio egin zituzten Amorante, Rüdiger eta Liher taldeen ekarpenarekin ondu zuten lana.

Ikus-entzunezko Argia Saria

Aurten, Ikus-entzunezko Argia saria jaso du dokumentalak, "gaia modu original eta ausartean aurkezteagatik, dokumentazio lan aberatsagatik eta euskal musikaren historia zatitxo bat txikitasunetik transmititzeko erakutsitako gaitasunagatik".