Gainean da Erromeria Eguna: etzi (maiatzak 2), ospatuko dute, Itziarren. Ohiturari eutsiz, maiatzeko lehenengo larunbatean egingo da, Andutz Dantza Taldearen ekimenez eta Itziarko Auzo Udalaren babesarekin. Hamaseigarren edizioa izango da aurtengoa, eta antolatzaileek jende ugari espero dute. Euskal musikaz eta dantzaz gozatu nahi duen edonori egin diote joateko gonbita.
Egitarauari dagokionez, aurtengo hitzordua erroetara itzuliko da, berritasun nagusi batekin: gaueko erromeria berreskuratuko dute, urte luzez erromerien topaleku izan zen gunean. "Urte batzuetan gaueko dinamika utzita egon da, baina berriz piztu nahi izan dugu, kanpotik datorren jendeak ere festaz gozatzen jarraitzeko eta eguna gauera arte luzatzeko aukera izan dezan", adierazi dute antolatzaileek.
Antolatzaileen esanetan, aurten "ordu txikiak arte festa ziurtatuta" egongo da
Azken aldiz 2016an egin zuten plaza ondoko gaueko erromeria. Ondoren, Bikain eta Burugorri inguruan egin izan dira saioak, baina aurten, Tranpapea berritu ondoren, bertara itzuliko da. Hala, 22:30ean hasita, trikitilariek girotuko dute plaza ondoko espazioa, eta txosna jarriko dute, "ordu txikiak arte festa ziurtatuta" egon dadin.
Eguna kalejira eta dantzekin hasiko da. 11:00etan, herriko kaleetan barrena ibiliko dira Hernaniko Txilibita Fanfarrea, Hernaniko Dultzaineroak, Itziarko Trikitixa Eskolako trikitilariak, Vianako Erentzun Dantza Taldea eta Itziarko Andutz Dantza Taldeko kideak. Aurten, lehen aldiz, Markina-Xemeingo Zerutxu eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeak ere batuko dira. Guztira ehun bat dantzari elkartuko dira; horietatik 60 inguru, itziartarrak. Goizean, gainera, Zubietako joaldunak ere ibiliko dira herrian zehar.
Aukera beganoa ere bai
13:00etan, mokadua eskainiko dute plazan, Itziarko Trikitixa Eskolako ikasleen emanaldiarekin lagunduta, eta, ondoren, kale giroak jarraipena izango du. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute Zabalsoro frontoian; urtero 300 lagun inguru elkartzen dira, eta aurten lehen aldiz aukera beganoa ere eskainiko dute.
Ospakizunak iraganari begiratzeko tartea ere eskainiko du. Hasierako erromeria egunei keinu eginez, argazki erakusketa antolatu dute
18:00etan berrekingo diote egitarauari; ordu horretan, erromeria giroak hartuko du frontoia, trikitilarien eskutik: Enaitz eta Erkizi, Arkaitz Allur eta Haritz Garmendia, Jagoba Uranga eta Maddalen Arzallus eta Ixamatarrak ariko dira dantzarako gonbita egiten, fanfarrearen eta dultzaineroen laguntzarekin. Urtero bezala, larrain dantza ere egingo dute.
Ospakizunak iraganari begiratzeko tartea ere eskainiko du. Hasierako erromeria egunei keinu eginez, argazki erakusketa antolatu dute, eta bertan presentzia berezia izango du Antonio Buenetxea Txankarta (Itziar, 1922–2001) soinu-jole itziartarrak.
60 argazki inguru
Mende laurden igaro da zendu zenetik, eta haren figura gogora ekarri eta omentzeko asmoz prestatu dute egun osoan ikusgai egongo den erakusketa; hain zuzen ere, Tranpapean egongo da, "Txankartak igandeetan jotzen zuen toki berean".
60 bat argazki izango dira ikusgai. Gehienak Txankartarenak izango dira, eta, horiekin batera, Itziarko eta inguruko erromerietako irudiak, baita hasierako erromeria egunetako argazki batzuk ere.
EGITARAUA
- 11:00. Kalejira eta dantza herriko txokoetan.
- Goizean. Zubietako joaldunak.
- 13:00. Mokadua plazan eta Trikitixa Eskolakoen emanaldia.
- 14:00. Hernaniko Txilibita fanfarrea, Hernaniko dultzaineroak, Zubietako joaldunak eta trikitilariak kalez kale.
- 14:30. Herri bazkaria frontoian.
- 18:00. Erromeria plazan.
- 22:30. Gau erromeria trikitilariekin Tranpapean.
- Egun osoan. Txankartaren argazkien erakusketa Tranpapean.