Baserritar jantziak soinean, hitzordu berezia izan zuten Itziarren larunbatean (maiatzak 2). Ospakizunaren erroetara itzulita, XVI. Erromeria Eguna ospatu zuten, eta bertaratuek askotariko jarduerez gozatzeko aukera izan zuten. Iluntzean eta gau partean tarteka euria egin bazuen ere, horrek ez zuen ospakizuna eten.
Eguna kalejira eta dantzekin abiatu zuten. Goiz eta eguerdi partean eguraldiak lagundu zuela azpimarratu dute antolatzaileek, eta herriko kaleetan dantzak izan zirela nagusi: "giro ederra izan zen", adierazi dute. Aurten, gainera, bi dantza talde gehiago izan dira, eta horrek, antolatzaileen hitzetan, “dantza anitzagoak eta giro aberatsagoa" ekarri ditu. Guztira, ehun bat dantzari aritu ziren herrian zehar, eta Zubietako joaldunen presentziak ere, kaleak giro bereziki girotu zituen.
Kalejiran ibili ondoren, eguerdian jendetza bildu zen plazan. Bertan, dantza taldeek eta trikitixa eskolako ikasleek “oso saio polita” eskaini zutela nabarmendu dute antolatzaileek.
Ia 300 lagun
Bazkalorduan, Zabalsoro frontoia, beste behin, inprobisatutako jantoki bihurtu zen, eta adin guztietako jendea elkartu zen bertan. Mahaiaren bueltan, ia 300 pertsona elkartu zirela esan dute: "guztira, 272 pertsona izan ginen, eta guztia oso ondo joan zen. Bertan izan zen herriko jendea eta ekintzetan parte hartu zuten musikariak eta dantzariak ere".
Arratsaldean, euri tanta batzuk hasi baziren ere, festak aurrera jarraitu zuen. Antolatzaileen arabera, programatutako ekintza ia gehienak Tranpapera lekualdatzea erabaki zuten. Horrenbestez, gune horrek protagonismo berezia hartu zuen: "Tranpapeak bere xarma daukanez, oso giro polita sortu zen; beteta egon zen eta dantzari asko elkartu ziren bertan. Txankartaren erakusketa ere hor zegoen, eta jende asko hurreratu zen. Ikasbidaiakoek ere txosna jarri zuten bertan, eta horrek mugimendu handia sortu zuen".
Gauean ere festa giroak jarraitu zuen, eta dantzak goizaldeko ordu txikiak are luzatu ziren. "Gauekoa polit-polita" joan zela nabarmendu dute: "beste xarma bat izan zuen, jendeak oraindik ere dantzan segitzen baitzuen. Goizaldeko ordu txikietan bukatu zen jaia, oso giro onean". Euriaren beldur izan arren, ez zen espero bezalako euri jasarik izan, eta jarduera gehienak kalean egin ahal izan zirela nabarmendu dute. Trikitilarien doinuei jarraituz, asko izan ziren dantzarako gogoa asetzera animatu zirenak.