Aurtengo hitzordua 16:00etan hasiko da, eta, antolatzaileek iragarri dutenez, gaur (ekainak 1) zabalduko dute 13,9 kilometroko ibilbidea eta 900 metroko desnibel positiboa izango dituen mendi-lasterketan parte hartzeko epea. Zehaztu dutenez, 19:00etan zabalduko dute epea.
Proban parte hartu nahi dutenek Internet bidez soilik eman ahalko dute izena, kirolprobak.com webgunearen bidez. Uztailaren 30ean itxiko dute izen-ematea, gauerdian, eta, antolakuntzak gogorarazi duenez, egunean bertan ez da izango izena emateko aukerarik.
Antolatzaileek garaiz ibiltzeko dei egin dute, gehienez ere 180 lagunera mugatu baitute probarako partaide kopurua. Inskripzioa uztailaren 15a baino lehen eginez gero, 21 euro ordaindu beharko dira pertsonako; data horretatik aurrera, berriz, 25 eurokoa izango da kuota.