Itziarko Auzo Udalaren, Itziarko Bertso Eskolaren eta Itziarko Gazte Asanbladaren ekimenez, bertso saioa antolatu dute ostiral honetarako (ekainak 5), frontoi zaharrean. Hitzordua 19:30ean finkatu dute eta, antolatzaileek azaldu dutenez, lau bertsolari igoko dira oholtza gainera: Alaia Martin oiartzuarra, Gorka Pagonabarraga durangarra, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Aitor Tatiegi oñatiarra.
Saioaz gozatu nahi dutenek 5 euroko sarrera ordaindu beharko dute. Antolakuntzak ohartarazi duenez, txartelak ez dira aldez aurretik salduko; momentuan bertan eskuratu ahal izango dira, frontoi zaharreko sarreran, ekitaldia hasi aurretik.