Itziarko Auzo Udalak prest dauka datorren ikasturterako ikastaro eskaintza

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 16a

2026-2027ko ikasturtean askotariko ikastaroak izango dira aukeran Itziarren. Ekainaren 25era arte egongo da zabalik izen-ematea.

Auzo Udalak datorren ikasturtean Itziarren eskainiko dituzten ikastaroen berri eman du. Azaldu duenez, iazko eskaintza berbera izango da, baina berrikuntzarik ere izango da tartean. Besteak beste, 7 urtetik gorakoei zuzendutako ingeles ikastaroa antolatu dute berriz ere; eskolak astelehenetik ostiralera izango dira, Geroa Galarragaren eskutik, adin eta maila ezberdinetan banatuta. Ordutegiak oraindik ere zehaztu gabe dauden arren, ikastaroa irailean hasi eta ekainean bukatuko dela aurreratu dute.

Osterantzean, lehendik martxan dauden ikastaroak eskaintzen jarraituko dute: euskal dantzak, trikitia eta panderoa, yoga, eskulanak eta zaharberritzea, joskintza eta puntua... Iaz bezalaxe, gainera, Maddi Astigarragak gidatutako sormen tailerra ere izango da. Salbuespenak salbuespen, ikastaro gehienak urrian hasi eta ekainean amaituko dira.

Izen-ematea ekainaren 25era arte egongo da zabalik. Internet bidez eman daiteke izena, esteka honetan, baita aurrez aurre ere; horretarako, interesa dutenek etxean jasotako inprimakia bete eta Itziarko Harrera Bulegoan aurkeztu beharko dute, edota zuzenean jo dezakete Harrera Bulegora, izen-orria bertan betetzera.

Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, ikastaroak@itziar.eus helbide elektronikora idatzi, 943 19 92 55 zenbakira deitu edo Harrera Bulegora jo daiteke zuzenean (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara).