Lizarte guraso elkarteak antolatuta, Alain Zulaika ilusionistak familia osoari zuzendutako Magia zaparrada ikuskizun berritzailea aurkeztuko du bihar (ekainak 19), Itziarren. Saioa 16:30ean hasiko da Burugorri gainean eta, antolatzaileek azaldu dutenez, adin guztietako jendea harritzeko diseinatutako ikuskizuna da, eta "ezinezko efektuen segida etengabea" proposatzen du, ikusleei arratsalde magiko batez gozatzeko aukera emanez.
Niala mago elgoibartarraren esanetan, ikuskizuna "eszena harrigarri batekin" hasten da: "Euri-tantak benetako txanpon bihurtzen dira. Horri esker, ikuskizunera etortzen diren haurrak hurrengo egunean beraien itsulapikoak apurtzetik 2 euro gertuago egongo dira, eta ez da txantxa". Dena den, gaineratu du hori hasiera besterik ez dela izango. "Spash gune txiki bat —non ikusleren batzuk pixka bat busti daitezkeen— eta bestelako uneak biziko dituzte saioan ikusleek".
Zulaikaren helburua munduko ilusio-kuota handitzea da, Debabarrenetik hasita. Hori lortzeko, ilusionistak aldaketa txikiak sartzen ditu emanaldi bakoitzean; ondorioz, saio bakoitza desberdina eta bakarra bilakatzen da, bertaratzen den jendearen eta publikoaren erreakzioen arabera.