Auzotarren egunaz jai giroan gozatuko dute, larunbatean, Mardarin

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 18a

Urtero legez, ekaineko hirugarren larunbatarekin batera ospatuko dute Mardaritarren Eguna auzotarrek.

Goizean hasi eta iluntzera arte iraungo duen egitaraua ondu dute etzirako, hilak 20, eta festara batzeko gonbidapena egin diete herritarrei.  

Aurreko urteetako antzeko ospakizuna antolatu dute. "Auzotarrak gustura daude orain arte egin ditugun ekintzekin, eta, horregatik, errepikatzea erabaki dugu; formatua mantenduko dugu", azaldu dute antolatzaileek. Nolanahi ere, bada berrikuntzarik, aurten ez baita dantza emanaldirik izango.

Ermita zaharra, elkargune

Egitaraua 10:30ean hasiko da, ermita zaharrera egingo duten txangoarekin –Santuarango aparkalekutik abiatuko dira–. Behin bertara iritsita, hamaiketakoa eta sagardo-dastaketa izango dira; auzoko lauzpabost baserritako sagardoa eta sagar-zukua eskainiko dute. 14:30ean, berriz, auzo-bazkaria egingo dute, Santuaran jatetxean, trikitilariek alaituta, eta 17:00etan, haurrentzako merienda eta mahai-jokoak izango dira.