Lasturren hasi dira jada jaietarako atzera kontaketarekin. Bihar (irailak 10), San Nikolas Egunarekin, abiatuko dira egutegian azpimarratuta izaten dituzten San Nikolas festak, eta igandera (irailak 13) bitartean, beste behin ere, festa giro betean murgilduta ibiliko dira auzora bertaratzen diren guztiak.
Urteroko ekintzak oinarri hartuta, ohiko osagaiekin ondutako lau eguneko egitaraua izango da aurten. Egun horietan, hainbat ekitaldi izango dira: pilota partidak, zezenak, pottokak, bolo txapelketak, dantzak, jolasak, herri kirolak eta bertsolariak, besteak beste.
Bihar (irailak 10), San Nikolas Egunarekin batera, izango da jaiegun handia auzoan. 11:00etan meza izango da eta elizkizuna amaitutakoan, hamaiketakoa Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bertsolariek eta Ion Ansorregi eta Andoni Larrañaga trikitilariek alaituta. 14:00etan, berriz, bazkaria izango da bertako tabernan, eta arratsaldean, 17:30etik aurrera, gazteen jolasak izango dira. Lehen eguneko proposamenekin amaitzeko, Saka ganadutegiko zezenak izango dira plazan.
Umeentzako bizikleta lasterketa
Ostiralean (irailak 11) San Nikolas Bigarrena Eguna ospatuko dute, eta bertan haurrak izango dira protagonista nagusiak. Bezperan bezala, 11:00etan meza izango da eta, ondoren, hamaiketakoa tabernan. 12:00etan, umeen arteko pilota partidak izango dira eta, 14:00etan, aldiz, umeentzako bazkaria izango da tabernan.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurten bertso afari bakarra izango da jaietan
Arratsaldean, 17:30ean, bizikleta lasterketa izango da zelaian. Azaldu dutenez, estreinakoz antolatu dute ekintza, eta zelaian jarriko duten zirkuitu moduko batean aritu beharko dira parte hartzaileak bizikletan. Aldi berean, jolasak ere izango dira umeentzat eta, jarraian, auzoko Gailur zalditegiak erakustaldia egingo du. Arratsaldeko giroa alaitzen, gainera, Elaia eta Jare trikitilariak, buruhandiak eta erraldoiak ibiliko dira, eta ondoren, 8 urtetik aurrerakoentzat zezen txikiak eta poniak izango dira Saka ganadutegiarekin eskutik.
Gau partean, 21:00etan hasita, bertso afaria egingo dute tabernan, Nerea Elustondo eta Andoni Egaña bertsolariekin. Unai Izagirre ariko da gai-jartzaile lanetan eta Enaitz Alberdi eta Julen Rueda Erkizi trikitilariek girotuko dute gaua. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurten bertso afari bakarra izango da jaietan. Txartelak Lasturko tabernan eta Itziarko Gure Dendan eta Burugorrin eskuratu daitezke 28 euroren truke.
Larunbatean (irailak 12), Bikoteen Eguna ospatuko dute. 11:00etan bikoteen arteko pilota partidak eta bolo txapelketa jokatuko dira. 14:00etan bazkaria izango da tabernan eta 17:30ean bikoteen arteko jolasak egingo dituzte. Jarraian, Albara ganadutegiko zezenak eta Andutz Dantza Taldearen emanaldia izango dira. Egun osoan, gainera, Maialen Larrañaga eta Ane Txapartegi trikitilariak ibiliko dira giroa berotzen, eta gauean Kantu Afaria egingo dute Beñat eta Ugaitzek lagunduta.
Pala txapelketa
Asteburu osoan jo eta su ibili ondoren, igandean (irailak 13) amaituko dituzte jaiak, Intxorpe Egunarekin batera. 09:30ean meza izango da eta ondoren hamaiketakoa izango dira. 11:30ean Banakako Pala finala jokatuko dute frontoian, Unai Izagirre eta Oier Etxeberria bertsolarien saiorekin batera. "Urteroko pilota partidaren ordez, aurten pala txapelketa antolatzea erabaki dugu. Martxan dago jada txapelketa, eta igandean finalak jokatuko dira", zehaztu dute antolatzaileek.
Festetan, ohi bezala, zozketarako txartelak salduko dituztela iragarri dute
Jarraian, Indoiturri saria bolo-txapelketa izango da jokoan, bertsolari eta trikitilariek girotuta. Egun honetan, gainera, Jon Ostolazak eta Rakel Pujanak alaituko dute plaza egun osoan. 14:00etan, bazkaria izango da tabernan eta 17:00etan, herri kirol erakustaldia izango da. Haritz Aranguren, Jon Marijuan, Sara Jimenez de Aberasturi eta Lucia Orbe harri-jasotzaileak Lasturko harriekin ariko dira lanean. Mikel Agirre eta Manex Izagirre, berriz, aizkoran ariko dira.
Kirol erakustaldiaren ondoren, bertsolarien bigarren saioa eta bertako gazteen aurreskua izango dira. Eta, jaiei amaiera emateko San Nikolas Txiki igo aurretik, pailazoak eta Saka ganadutegiaren eskutik zezenak egongo dira. Festetan, ohi bezala, zozketarako txartelak salduko dituztela ere iragarri dute. Intxorpe Egunean, arratsaldeko jaialdiaren ondoren, egingo dute auzoko baserrietako produktuekin osatuko orgatxoaren zozketa.