Itziarko Eskola Txikiak eskola propio gisa hasi du ikasturtea

Nerea Bedialauneta Alkorta

ARGAZKIA: Itziarko Eskola Txikia

Beste hainbat ikastetxek bezala, atzo (irailak 7) ekin zioten 2026-2027 ikasturteari Itziarko Eskola Txikian ere. Atzokoa, ordea, ez zen beste urteetako hasiera soila izan; egun seinalatua izan zen bertako ikasle, irakasle zein gurasoentzat, izan ere, bide berri bati ekin zioten eta: eskola propioarena.

Itziarko herritarrak urtez luzez aritu dira eskola propio bat izatearen alde lanean, eta dagoeneko errealitate bihurtu da aspaldiko aldarrikapena. Urte luzez Luzaro ikastetxe publikoaren baitan eskolak ematen aritu ondoren, atzo (irailak 7) hasi zuten ibilbidea Eskola Txikien Sarea osatzen duten 49 ikastetxeetako eskola propio bezala.

Arduradunek emandako datuen arabera, guztira 74 ikaslek eman diote hasiera ikasturte berriari. Horietatik 30 Haur Hezkuntzan ariko dira, eta gainerako 44ak Lehen Hezkuntzan; haiekin batera hamabi irakaslek jardungo dute. 

Etapa berriari ilusioz ekin diote eskolan, eta argi dute zein izango den datozen urteetarako norabidea. Maider Elustondo zuzendariak azpimarratu duenez, Itziarko Eskola landa-eremuko eskola txiki, publiko eta euskalduna da, "herritik eta herriarentzat" eraikia. Era berean, gaineratu du beren izaerari eta balioei eutsiko dietela, datozen ikasturteetarako erronka nagusia eskola herritarra izaten jarraitzea izango baita. Hau da, "komunitate osoaren arteko elkarrekintza sustatzea eta eskola ireki, parte-hartzaile eta bizia eraikitzea".

Norabide horretan, herritarrekin eskuz esku jarduteko asmoa berretsi dute, ikasleen garapen pertsonala eta soziala ahalik eta gehien bultzatzeko. "Horretarako, eskola eta ingurunea elkarren osagarri direla ulertzen dugu, eta hezkuntza-prozesua ez dugun ikastetxearen barruko jardunera mugatzen. Herria, komunitatea eta bertako harremanak ikasteko eta hazteko aukeratzat hartzen ditugu", adierazi dute. 

Laburbilduz, ikasle guztiei ahalik eta erantzunik onena ematea izango da helburua: "guztiengana iristea, bakoitzaren eguneroko errealitatea ezagutzea, haren behar eta indarguneak ulertzea eta informazio hori ikaste-prozesu ahalik eta aberatsena eta esanguratsuena izan dadin erabiltzea. Azken batean, ikasle bakoitzaren banakotasuna errespetatuz, adin-aniztasuna baliatuz eta komunitate osoaren parte-hartzea sustatuz, ikasleak pertsona eta herritar autonomo eta konprometitu gisa garatzeko baldintzak sortu nahi ditugu".