Jai batzordeko kideen esanetan, ez da ekitaldirik falta izan ostegunetik igandera. "Bertsolariak, trikitilariak, jan-edana, jolasak, herri kirolak, dantza, zezenak eta poniak izan dira, besteak beste, festetako protagonistak. Azken egunean, gainera, pailazoen emanaldia izan da", adierazi dute. Ohiko ekitaldiez gain, festek beste urte batez elkartzeko aukera eman dutela ere gaineratu dute: "Urtean behin ikusten den jendearekin berriketan aritzeko tartea ere da".
Jai Batzordeko kideek hitz onak besterik ez dituzte izan aurtengo jaiak deskribatzeko eta, horrekin batera, "giro ederra eta paregabea" izan dela erantsi dute. Balorazio zehatzagoa aurrerago egingo badute ere, oro har, gustura agertu dira aurtengo festek eman dutenarekin: "Jende ugari hurbildu da ospakizunez gozatzera, eta eguraldiak ere lagundu du aurtengo festak borobiltzen".
Era berean, datorren urteko festak prestatzen hasteko gogoz daudela iragarri dute antolatzaileek: "Hurrengo urtean berriz ere antolatuko ditugu Lasturko sanikolasak; irrikitan gaude hurrengo urterako". Izan ere, egitarau zabalak berriro agerian utzi du jaien indarra eta auzotarren parte-hartze handia.
Pala txapelketa, jaietako berrikuntzetako bat
Jaiak ohiko moldean eta betiko osagaiekin ospatu badituzte ere, berritasunik ere egon da aurtengoan. Estreinakoz, banakako pala txapelketa izan da, eta finala Intxorpe Egunean jokatu zuten. Aitor Arakistain izan zen txapelduna, baina emaitzez harago, antolatzaileek parte-hartzaile guztien maila ere azpimarratu nahi izan dute: "Denak maila polita eta ona erakutsi zuten".
Ohitura denez, auzoko baserrietako produktuekin osatutako orgatxo bat ere zozkatu zuten jaietako azken egunean. 1962 izan da zenbaki saritua eta 0936, berriz, ordezkoa. Jai Batzordetik jakinarazi dutenez, zenbaki sarituaren jabea dagoeneko agertu da. "San Nikolas Egunean bertan (irailak 10) saldutako zenbakia izan da aurtengo irabazlea", zehaztu dute.