Urrian jarriko dituzte martxan irakurketa taldeak Itziarren

Izaro Aulestiarte Lete

Alaine Agirre idazlea. Arg.: Goiena

Alaine Agirre idazleak gidatuko ditu haurren eta helduen saioak; hilaren 6rako jarrita daude lehen hitzorduak.

Ekimenak iaz izan zuen harrera ona ikusita, ikasturte honetan ere irakurketa taldeen dinamikari eutsiko diote Itziarren, Auzo Udalaren ekimenez. Urritik ekainera arte egingo dituzte irakurzaletasuna sustatzeko saioak, Burugorri Gainean, hilean behin.

Bi talde osatuko dituzte oraingoan ere, partaideen adinaren arabera; haurrei eta gaztetxoei zuzendutakoa bata (7-12 urte bitartekoentzat), eta helduena bestea (16 urtetik gorakoentzat). Iazko irakurleek taldeetan parte hartzen jarraituko dute, baina izen-ematea irekita dago nahi duen ororentzat eta, saioak doakoak izango diren arren, antolatzaileek aipatu dute komenigarria dela izena aurrez ematea. Interesa dutenek Itziarko harrera bulegoan egin dezakete izen-ematea, 943 19 92 55 telefono zenbakira deituta edo apuntatu@itziar.eus helbidera mezu bat bidalita. Saio bakarrera edo guztietara joateko aukera eskaintzen dute, baina norbera arduratu beharko da hitzorduetan landuko duten liburua edo irakurgaia lortzeaz.  

Alaine Agirre Garmendia (Bermeo, 1990) idazleak gidatuko ditu saioak. Irakurleak astearteetan bilduko dira; 7-12 urte bitarteko partaideak 17:30etik 18:30era arte ariko dira, eta helduen taldea 19:00etatik 20:30era. 

Bederatzi saio 

Dagoeneko iragarri dute bederatzi saioz osatutako egutegia, baita irakurgaien zerrenda ere. Urriaren 6rako egin dute lehen deialdia; Uxue Alberdiren Ezin dut eta zer? landuko dute irakurle gazteek; Delphine de Vigan-en Esker onak, aldiz, helduek.