Bizitzako etapa naturalak izanagatik, emakumeon osasun fisikoan nahiz emozionalean eragin zuzena dute perimenopausiak eta menopausiak. Aldi berean, ordea, trantsizio-aldiak ezezagun izaten jarraitzen du askorentzat. Aldaketak ulertu eta norabide egokia emateko lagungarri izan daitezkeen gakoetan jarri nahi du arreta Aintzane Etxeberriak (Itziar, 1971), emakumeei prozesua errazteko helburuarekin. Lau saio gidatuko ditu Itziarren, hilaren 9an, 16an, 23an eta 30ean; harrera bulegoan, 943 19 92 55 telefonora deituta edo apuntatu@itziar.eus posta elektronikora idatzita eman daiteke izena.
Peri-menopausia osasuntsuak izenburupean iragarri dituzu Itziarko saioak. Zer landuko duzue bertan?
Guztira, lau hitzaldi-tailer izango dira, emakumeei zuzenduta; perimenopausiaz eta menopausiaz edo menopausia osteaz hitz egingo dugu bertan; hau da, 40 urtetik aurrera hasten den prozesuaz, hormonen eraginez emakumeen gorputzean hasten den aldaketaz, eta menopausiaz edo hilekoa joan ondorengo aldiaz. Prozesuak fisikoki eta mentalki edo emozionalki daukan eragina ikusi, nutrizioak eta bizi-estiloak nola lagundu dezaketen aztertu... Hori guztia landuko dugu, osasun arlotik begiratuta dena, betiere, ez estetikaren ikuspegitik.
Perimenopausia eta menopausia; oraindik ere ez da askorik hitz egiten horri buruz… Zer garrantzi du gaia mahaigaineratzeak?
Oso garrantzitsua da, prozesua aurrera eraman ahal izateko. Fisiologikoki, adibidez, hormona aldaketak eragin bat dauka, eta horrekin lotutako beste arrisku batzuk ere izaten dira garaiotan: pisua, sindrome metabolikoa deritzoguna, tentsio igoera, diabetesa, kolesterola... 50 urteren bueltan asko handitzen da arrisku kardiometabolikoa emakumeengan, osteoporosia ere garatu daiteke... hori dena kontuan hartu behar da. Eta elikadurak berak, nutrizioak, zer lotura duen ere bai. Ondo elikatuta baldin bagaude, nutrizio aldetik gure osagaiak baldin baditugu, askoz ere hobeto eramango dugu etapa hori. Eta, noski, prozesuan laguntzea, eskua ematea, garrantzitsua da, emozionalki ere aldaketa handiak daudelako.
Hilekoa eta menopausia; badirudi bi terminoak aspaldidanik ditugula ezagun edo ondo barneratuak egunerokoan. Baina perimenopausia? Izena bera ezagunago egin da azken urteotan, ala ez bereziki?
Bai, orain ari gara hori bistaratzen. Emakumea hasi da pixka bat burua altxatzen eta gai hori erakusten: "Begira, niri hau pasatzen zait, eta zer da?". Izan ere, lehen, medikuarenera joaten ginenean, izerdiak ditudala esan, haserre nabilela kontatu, gauzak ahazten ditudala edo indarra galtzen ari naizela esan... eta abaniko batekin bidaltzen zintuen etxera, zure gauzak zirelakoan! Lehen ez zegoen gaur egun daukagun ulermen hori, eta orain hasi gara gauzak ikusten eta ulertzen.
"Dena isilpean bizitzea estres handia da emakumearentzat, eta beharrezkoa da hori leuntzea"
Behar bezalako arreta ematen al zaio gaur egun osasun-sisteman?
Bueno, gero eta gehiago. Badaude menopausia eta klimaterioa lantzen duten instituzioak, baina, egia esan, egunerokoan gure medikuarengana joaten garenean ez dago informazio askorik, eta dagoen informazioa oinarrizkoa eta orokorra da oso, ez dute esparru hori lantzen, orokorrean. Gainera, beste kasu batzuetan gertatzen den bezala, prozesu baten medikalizazioa egiten da; terapia hormonalak hor daude, eta horretan sartu zaitezke, ala ez, baina kasu guztietan hori ez da beharrezkoa. Argi izan behar dugu ez dela gaixotasun bat, prozesu bat baizik. Eta prozesu hori norbere zaintza eta ulermenetik bideratzen badugu, ez dauka hainbesteko arazorik; aldaketak egon badaude, baina aurrera eraman dezakegu.
Emakume guztiek ez dute berdin bizi, baina badira ohiko sintoma batzuk: gorputzean aldaketak, beroaldiak, insomnioa, nekea... Sarritan, gainera, negatibotzat jo eta bada etsipenez bizi dituenik ere.
Bai, eta horregatik da funtsezkoa trantsizio-aldian testigantzak partekatzea. Perimenopausia eta menopausia emakume guztiok pasatu behar ditugun etapak dira, baina elkarrekin, eskua emanik, errazagoa da. Beste emakume batzuen esperientziak ezagutuz gero, prozesua bera hobeto eramaten da, zenbat eta gehiago jakin errazagoa izaten baita nork bere bidea topatzea. Informaziorik gabe, dena isilpean bizitzea, estres handia da emakumearentzat, eta beharrezkoa da hori leuntzea.
"Oso prozesu polita da, baina landu egin behar da; hori da garrantzitsuena, prestatzea"
Trantsizio-aldia bizitzeko moduan hainbat faktorek eragiten dute; fisiologikoez gain, hor daude faktore soziokulturalak ere. Zenbaterainoko pisua dute?
Handia. Kultura batetik bestera oso ezberdina da, gainera. Hemen, mendebaldean, gaztetasuna aupatzen da; badirudi 50 urteak betetzean bukatzen dela emakumearen bizitza: lehenengo, ama onak, profesional onak eta, gainera, ederrak izan behar dugu, baina gero, 50ekin, zahar kontsideratzen gaituzte eta alde batera uzten gaitu gizarteak. Ekialdean, adibidez, hori ez da horrela; 50etik aurrera hasten da emakumea jakintsutzat hartzen, eta hura da inspirazio-iturri. Zergatik da hori hain ezberdina han edo hemen, denok emakumeak izanda? Zerbait ez doa ondo, erabat kulturala da, bai.
Trantsizio-prozesua norbere zaintza eta ulermenetik bideratzearen garrantzia azpimarratu duzu. Zure ustez, non dago gakoa? Zuk zeuk, adibidez, nutrizioari garrantzi berezia aitortzen diozu.
Lehenik eta behin, nork bere burua ezagutu behar du, askotan ez dugulako ondo ezagutzen. Hau da, konparazioak eta exijentziak alboratu –kanpotik ezarritakoak eta geure buruari jartzen dizkiogunak–, eta nork bere burua ezagutzea eta ulertzea da lehenbizikoa, denok ezberdinak garelako. Eta gero, esan behar da nutrizioa ez dela elikadura soilik, bizimoduaren medikuntza deritzona da: elikagaiez gain, emozioak, harremanak, ariketa fisikoa, deskantsua... hori guztia ere nutrizioa da, elikatu egiten gaitu, eta dena da beharrezko. Beraz, oinarrizko hanka horiek ez baditugu lantzen, hori dena ez badago ondo suspertuta, bestelakoari ez zaio eusten.
Eta eutsi egin behar zaio...
Hau ez da bukaera bat, eta ez da negatiboa. Oso prozesu polita da, baina landu egin behar da. Nire ustez, hori da garrantzitsuena, prestatzea, 70-80 urterekin ere mugitu, autonomo izan eta funtzional izaten jarraitu ahal izateko zaindu eta prestatu behar dugu; hori da helburu nagusia.