Zabalik dago Apaizetxearen atzeko lurretan dauden baratzeetako bat eskatzeko deialdia

Nerea Bedialauneta Alkorta

Hamar sail daude aukeran, eta horiek hilaren 30a aurretik eskatu behar dira.

Hiru urteren osteren, Itziarko Auzo Udalak herritarren eskura jarriko ditu berriro Apaizetxearen atzealdeko lurretan dauden baratze publikoak. Guztira, hamar sail eskainiko dituzte; helburua da udalerriko biztanleei aisialdirako zein jarduerarako gune bat eskaintzea eta erabiltzen edo aprobetxatzen ez diren hiri-espazioak erabilera publikorako berreskuratzea. 

Baratze sail bakoitza ustiatzeko baimenak hiru urte iraungo du, eta, epe hori amaitutakoan, erabiltzaileek hurrengo deialdietan ere parte hartu ahal izango dute. Auzo Udalak jakinarazi duenez, gune publiko hartako erabiltzaileek instalazio komunak izango dituzte eskura: besteak beste, lanabesak gordetzeko biltegia, ureztatzeko ur-puntua, konpost-gunea eta mahai-gunea, aisialdirako erabiltzeko.

Eskabideak aurkezteko epea urriaren 15ean zabaldu zuten, eta hilaren 30era arte egongo da zabalik. Baldintzak eta izena emateko orriak Itziarko Harrera Bulegoan eskuratu ahalko dira. Eskaerak bertan aurkeztu beharko dira, aurrez aurre edo elektronikoki, horretarako prestatutako eredu ofiziala beteta eta nortasun agiriaren ziurtagiriaren kopia erantsita.

Bete beharreko baldintzak

Sailetako bat eskuratu nahi dutenek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Ohartarazi dutenez, Auzo Udalak ofizioz egiaztatuko du baldintza horiek guztiak betetzen direla. 

Besteak beste, deialdia argitaratzean 18 urte beteta izatea, Itziarren erroldatuta egotea eta Udalarekiko zerga-betebeharrak eta bestelako betebeharrak ordainduta izatea eskatzen dute. Horrez gain, bizikidetza-unitate bakoitzeko eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da eta unitate bereko kideek ezin izango dute beste lursail erabilgarririk izan. 

Eskaerak jaso eta baldintzak egiaztatu ondoren, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute iragarki-taulan. Epea amaitutakoan, jendaurreko zozketa bidez erabakiko dute lursail bakoitza nori esleitu.