Lavinia Stefanicak (Slanic, Errumania, 1986) ia bizitza erdia darama Euskal Herrian. Gaztetan, 21 urte besterik ez zuela, jaioterria uztea erabaki zuen. Lanagatik etorri zen, bizitza berri baten bila, eta, hasieran bertako hizkuntza eta ohiturak ezagutzen ez bazituen ere, ondo moldatu da hemengo bizimodura. Bertan errotu da, Aitor Agirregabiria bikotekidearekin eta seme-alabekin batera. Gaur egun, Itziarko Burugorri ostatuko arduraduna da, eta herritarrek estimu handia diote.
Zerk bultzatu zintuen Errumania utzi eta Euskal Herrira etortzera?
Amets amerikarra delakoa ezaguna egiten zaizu? Bada, nire bizimodua hobetzeko antzeko esperientzia bat bizi nahi nuen Europako alde honetan. 21 urte besterik ez nuen, eta gauza berriak deskubritu, beste herrialde bat ezagutu eta diru pixka bat irabazi nahi nuen. Egia esan, oso gaztea nintzen, 2007a zen, eta abentura berri bati ekiteko gogo handia nuen.
Eta hasieratik Itziarrera etorri zinen?
Bai! Zuzenean, Kanala hotel-jatetxean hasi nintzen lanean. Errumaniar gehiago zeuden bertan lanean, eta aurretik lankide izan nuen lagun baten bitartez aurkitu nuen lana. Ni baino hilabete lehenago ailegatu zen laguna, eta, zerbitzariak behar zituztela eta, hona etortzera animatu nintzen. Hasiera hartan, Itziarren egon nintzen bizitzen, baina, gerora, Gipuzkoako beste zenbait tokitan ere izan naiz lanean; batez ere, Donostian eta inguruetan. Beraz, lana nuen herrietan edo inguruetan bizi izan nintzen urte haietan. Bederatzi urte egin nituen Itziartik kanpo, baina 2020an bertan etxebizitza bat erostea erabaki nuen. Leku ezaguna zen niretzat; beraz, bertan finkatu nintzen semearekin.
Euskal Herrira etorri aurretik, zer ezagutzen zenuen hemengo kulturaz edo hizkuntzaz?
Ezer ere ez. Nik uste nuen Espainiara nentorrela lan egitera, baina hemen bestelako errealitate batekin topo egin nuen. Ez nekien beste kultura bat zegoenik, ezta beste hizkuntza bat hitz egiten zenik ere. Lan egiteko gogo handiarekin etorri nintzen hona, eta, egia esan, ez nion galdetu lagunari hemengo berri eta ohiturei buruz; hark ere ez zidan ezer aurreratu.
"Egia esan, nahiko gogorra izan zen hasiera. Ez nuen inor ezagutzen, eta ez nekien ez gaztelaniaz ezta euskaraz ere"
Itziarrera iritsi zinenean, zerk harritu zintuen gehien hemengo bizimodutik?
Garai hartan, gazteleraz ere oso gutxi nekien; beraz, pentsa zer-nolako aldaketa izan zen niretzat. Errumaniakoarekin alderatuta, kultura erabat ezberdina iruditu zitzaidan. Jatetxe batean lanean hasita, gastronomia guztiz bestelakoa iruditzen zitzaidan. Kuadrillek eta jendeak hemen elkartzeko duten moduak liluratu ninduen gehien. Errumanian ez dago horrelakorik. Lagunak izaten dituzu, baina ez zara talde berarekin behin eta berriz ateratzen. Familiek duten batasunak eta elkarrekin hainbeste bazkari eta afari egiteak ere harridura sortu zidan. Oro har, otorduetan hainbeste jateko dagoen ohiturak ere harritu ninduen: han zerbait pikatzen duzu eta kito, baina hemen lehenengo platera, bigarrena eta postrea egoten dira, eta, hasieran, hori askotxo iruditzen zitzaidan. Horrez gain, Errumanian ez da poteatzen; ohitura hori ere harrigarria iruditu zitzaidan. Hainbat lekutan ibili naiz, eta ez dut uste beste inon Euskal Herrian bezala egiten denik.
Nolakoa izan zen hasiera?
Egia esan, nahiko gogorra izan zen hasiera. Ez nuen inor ezagutzen, eta ez nekien ez gaztelaniaz ezta euskaraz ere. Herria bera ere oso txikia da, eta, hiri batetik etorrita, bertako errealitatea oso ezberdina iruditu zitzaidan. Asko kostatu zitzaidan integratzea, baina taberna batean lan egiteak izugarri lagundu zidan jendearekin harremanak egiten.
Zer izan zen zailena?
Hizkuntza, dudarik gabe; horrek asko mugatu ninduen. Etorri nintzenean ia ez nekien gaztelaniarik, baina ikasteko erraztasuna dut, eta, telebistari eta telenobelei esker, azkar ikasi nuen. Gerokoan, izan ditudan bikotekideekin ere hobetzen joan naiz. Lan egiteko modua ere guztiz ezberdina zen. Errumanian zerbitzari lanetan aritu nintzen, baina hark ez zuen zerikusirik hemengoarekin; hortaz, dena ikasi behar izan nuen hutsetik: hemengo janariak, edariak, ohiturak…
Burugorri ostatuko kudeatzailea zara gaur egun. Uste duzu lan horrek lagundu dizula herriko giroan sartzen?
Baietz esango nuke. Jendearekin harremana izaten joan naiz; horri esker, herritarrak irekitzen hasi dira nirekin.
"Etxeko guztiak euskaldunak dira, eta etorkizunean euskaltegira joatea gustatuko litzaidake, gutxienez euskaraz hitz egiteko gai izateko"
Denbora daramazu Itziarren; zer duzu gustukoen gaur egungo bizimodutik?
Hemen, egia esan, oso gustura bizi naiz. Dena oso eskura daukagu, eta, edonora joateko ere, autobidea bertan-bertan dago. 9 urteko semea eta zazpi hilabeteko alaba hezteko ere oso leku lasaia da.
Dena den, Errumaniako zerbait ere igarriko duzu faltan, ezta?
Bai; batez ere, gertuko familia igartzen dut faltan: ama, anaia eta ilobak. Noizbehinka itzuli naiz hara, bi urtetik behin edo, baina taberna batean lan egiteak asko lotzen zaitu; gainera, ez da oso erraza familia, lana, oporrak eta guztia bateratzea.
Zer leku du euskarak zure egunerokoan? Ikasteko aukerarik izan duzu?
Ezinbestekoa dela iruditzen zait. Bestela, zer esango diet tabernara datozen euskaldunei? "Mesedez, hitz egingo al didazu gazteleraz?" Ez, ez, ez. Nik nahiago dut lehenengo hitza euskaraz egin. Nahiko denbora daramat hemen, eta, nahiz eta hitz egiteko gaitasunik ez izan, nahiko ondo ulertzen dut. Tabernako funtsezko hiztegia, ebaki bat edo garagardo bat, adibidez, nahiko ondo menderatzen dut, baita eskerrik asko eta halako agur motzak ere. Saiatzen naiz, gainera, esaldi batzuekin erantzuten ere, nahiz eta ondo esan ez. Etxeko guztiak euskaldunak dira, eta etorkizunean euskaltegira joatea gustatuko litzaidake, gutxienez euskaraz hitz egiteko gai izateko. Baina, momentuz, tabernarekin eta familiarekin, zazpi hilabeteko haur bat ere badudala kontuan hartuta, ez dut euskaltegira ikastera joateko denbora handirik.
Ia bizitza erdia daramazu hemen. Zerbitzari gisa etorri zinen hartan pentsatzen al zenuen hainbeste denbora egingo zenuenik?
Egia esan, nonbaiten egonkortu nahi nuen, eta lortu dut. Baina, hasieran, hona etorri nintzenean, ez nuen uste hemen hainbeste urte emango nituenik, ezta familia bat hemen sortuko nuenik ere. Oso gaztea nintzen iritsi nintzenean; helburu bakarra lan egitea eta dirua irabaztea zen. Ez nuen ezer planifikatuta.
Egun, nongotarra sentitzen zara?
Nire etxea hemen dago; itziartar bat gehiago naiz. Nire seme-alabak ere hemen daude, eta hemen finkatu naiz. Guztia nire ahaleginari esker lortu dut, eta oso pozik nago lortutakoarekin; zahartzaroan ere hemen ikusten dut neure burua.
Eta, atzera begiratuta, zuzena iruditzen zaizu Euskal Herrira etortzeko erabakia?
Bai, noski, zentzu guztietan. Nire bizitza bertan eraiki dut, baita familia ere; dena emango nuke haien alde. Errumanian geratu izan banintz, ez dut uste aukera berak izango nituenik, ezta orain dudan bizimodua ere. Guztia onerako izan da, eta oso harro nago egindako bideaz.