Urteroko tradizioari eutsiz, azaroaren 1ean, igandea, ospatuko da Itziarko Peria. Hogeita hamaikagarren aldia izango du aurten eta ohiko osagaiak izango ditu Itziarko Peria Batzordeak eta Itziarko Auzo Udalak ondutako egitarauak, baina berritasunik ere izango da; sasi-garbitzeko robot-makinarekin egingo duten erakustaldia, kasu.
Sustatzaileek aste honetan aurkeztu dute aurtengo ekimena. Gogorarazi dutenez, Itziarkoa "Gipuzkoan egiten den azokarik esanguratsuenetakoa" bilakatu da urteotan, eta inguruko herrietatik jendetza inguratu ohi da bertara urtero, industrialdean hartzen duen gunea betetzeraino.
Hori ez da, baina, ezerezetik sortu; hiru hamarkadaz egindako lanaren emaitza da. Horregatik, orain arteko bidearen garrantzia azpimarratu dute, beste behin ere, antolatzaileek. "Azokaren eskaintza oparoaren gainetik, auzolanean sortu eta eraikitako eredua goraipatu nahi dugu. Izan ere, herritar ugari aritzen da ekimen horretan, egunean bertan banatzen diren eginbehar ugarietan ez ezik, aldez aurretik izaten diren bileretan eta prestaketa-lan luzean ere".
Produktu eskaintza zabala
Aurreko edizioen ildotik, 09:00etatik 14:00etara zabalduko dute azoka, eta bertan askotariko produktuak erosteko aukera izango dute bisitariek. Guztira, 175 postu inguru izango dira aurten, tokiko produktuak, artisau-lanak, arropak eta bestelakoak eskaintzen. "Bertoko produktuen aldeko apustua eginez, adibidez, artisau-postu ugari izango dira; tartean: burdina, egurra, zilar bitxiak, poltsak, otarregileak, pilotagileak, arrantzale-jantzi txikiak...", zehaztu dute.
Azokaren eskaintzaz harago, "auzolanean sortu eta eraikitako eredua" goraipatu dute antolatzaileek
Tokiko baserrietako produktuen gunean, bestalde, ez dute hutsik egingo Zortzikok –eztia–, Erlete Goikoak –txakolina–, Lizagazarrek –sagardoa–, Luzarok –sagar-dultzeak–, Irure Txikik –ogia–, Zeberio upategiak –sagarrarekin egindako bermuta–, Zumaiako artisau-garagardoek eta Ipar Euskal Herriko foie-produktuek.
Gainera, ohi legez, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako talogileak ere izango dira –Mungiakoak, Loiukoak, Segurakoak eta Ataungoak, besteak beste–, eta pintxo eskaintza ere izango da hainbat postutan.
Halaber, Gipuzkoako Baso Elkarteko teknikariek mahaia jarriko dute azokan, baso kudeaketari buruzko azalpenak emateko. Eta Itziarko Eskolaren aldeko tonbola ere jarriko dute, beste urte batez; inguruko produktuekin osatutako sariak egongo dira jokoan.
Nobedade gisa, erakustaldia
Makineriari dagokionez, Gipuzkoako bost etxeren eskaintza ikusteko aukera egongo da igandean, beren traktoreekin, motozerrekin eta baserrirako era guztietako lanabesekin eta tresneriarekin.
Eta, berritasun gisa, lehenbizikoz, sasi-garbitzeko robot-makinarekin erakustaldia egingo dutela aurreratu dute; 12:30ean hasiko da, azokaren aurreko zelaian.
Gainera, Asteasutik ekarritako baserri-tresna zaharren erakusketa jarriko dute, eta Zestoako Caravan-Park animalientzako erremolkeak eta Ugarte Burdindegia baserriko tresnak ere izango dira ikusgai.
Ganadua, bueltan
Aurten, iaz ez bezala, animalia ugari egongo dira ikusgai feria-gunean, hala nola behiak, behorrak, hegaztiak, ardiak, ahuntzak eta poneyak. Hortaz, Itziarko Periak betiko esentziari eutsiko dio oraingoan. Izan ere, ekimena oso bestelakoa izan zen 2025ean; Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak abere azokak debekatu zituzten Hego Euskal Herrian, dermatosi nodular kutsakorrari aurre egiteko prebentzio neurri gisa, eta erabaki hark zuzenean eragin zion Itziarko feriari.
50 urte bete ditu industrialdeak, eta argazki erakusketa jarri dute Burugorri Ostatuan, etzira arte
Oraingoa ohiko bidetik joango da, baina. Hainbat ganadu arraza ikusteko aukeraz gain, Aiako Indate Berri baserriko abere bitxien "inoizko erakusketa zabalena" izango da, eta Marques de Saka ganadutegiko poneyak eta txahal txikiak ere izango dira, 10:30ean eta 12:30ean, haurren gozamenerako.
Bestalde, Euskal Herriko Sasi Ardien VII. Txapelketa egingo dute goizean, baita Gipuzkoako Ahuntz Azpigorrien VII. Txapelketa ere, eta sari banaketa ekitaldia 12:00etan izango da.
Pilota lehia eta erakusketa
Festa giroak arratsaldean izango du jarraipena, Zabalsoro frontoian, emakumezkoen esku-pilota lehiarekin. Emakume Master Cup Lau Eta Erdiko Txapelketa Nagusiko partida izango da, 18:00etan –sarrera, doan–. Mendizabalek aurrez Pasaian jokatuko den kanporaketa faseko irabazlearen aurka neurtuko ditu indarrak.
Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute Itziarko industrialdeak 50 urte bete dituela, eta horri buruzko argazki erakusketa azaroaren 1era arte izango da ikusgai, Burugorri Ostatuan.
Hobe garraio publikoan
Peria Batzordeak garraio publikoa erabiltzeko dei egin du, auto pilaketak saihesteko. Lurraldebusek zerbitzu bereziak eskainiko ditu Deba, Itziar eta Zumaia artean, eta Txitxarroko aparkalekuan ibilgailuak lagatzeko lekua egongo da; azoka gunerako, autobusak jarriko dituzte. 