Asier Heriz eta Iñaki Saez soraluzetarrak 2001eko irailaren 8an hil ziren, auto istripuan. Lurdes Txurruka euskal preso soraluzetarra espetxean bisitatzetik zetozen etxera bueltan. Espainiako Estatuak sakabanaketaren eta urruntzearen bidez hiru hamarkada pasaz euskal presoen eta haien senideen aurka aplikatu zuen espetxe politika ankerraren biktima izan ziren bi herrikideak.
Urteetako herri mobilizazioaren presioari esker, presoek hartutako erabaki politiko eta juridikoei esker eta konponbidearen alde batutako indar instituzionalari esker, 2023an dispertsio politika amaitzea lortu genuen. Hala ere, Estatuak ez du Asier eta Iñaki zein dispertsio politikaren ondorioz hildako beste hamalau euskal herritarrak biktima gisa aitortzeko inolako urratsik egin. Are, momentuz, gutxietsi egin ditu.
Istorio polita da pilota txapelketarena. Lehen edizioa Asier Herizek berak antolatu zuen. Hurrengo urtean, Iñakiren eta haren omenezko txapelketa bilakatu zen. Urte hauetan guztietan dispertsio politikaren aurkako eta euskal presoen etxeratzearen aldeko mobilizazio ekintza potenteena izan da Soraluzen. Pentsamendu ezberdinetako ehunka herritarrek parte hartu dute txapelketan.
Dispertsio politika amaituta eta euskal presoen etxeratzearen aldeko borroka fase berri batean sartuta, pilota txapelketa hori memoriaren transmisiorako ariketa herritarra bilakatu da. Gazte belaunaldi berriak egiten dira partaide. Haietako askok txapelketaren bidez jakiten dute nor ziren Asier eta Iñaki. Eta, hala, gure herriak jasan behar izan dituen injustizien lagin baten berri izaten dute lehen eskutik.
25. txapelketa da. Berezia. Eta hau dena ez litzateke posible izango, noski, txapelketaren antolaketan urte luzez ari diren militanteei esker ez balitz. Biba zuek!