Presen auzia

Berriro ere bazterrak nahasten!

Erabiltzailearen aurpegia Gure Deba Ibaia 2026ko uztailaren 22a

Egunotan Deba ibaia algaz beteta agertu da, eta batzuek presak jo dituzte errudun. Baina presek 500 urte baino gehiago dutenez, eta arazo hau azken urteetako kontua denez, zientziari eta datu ofizialei heldu behar zaie, eta ez manipulazioei.

Aurten ere Deba ibaia algaz beteta agertu zaigu, presa gainean zein azpian. Presak al dira errudunak? Ezta gutxiago ere! 500 urteren ostean, bizi dugun arazoa azken urteetako kontua besterik ez da. Alferrikako arinkerietan hasi baino lehen, iritzia agertu baino lehen komeni da norberak bere burua pixkat janztea.

Adituek argi diote: algak ugaritzen dira uretan elikagai gehiegi daudenean, hau da, eutrofizazioagatik (ongarriak, nitratoak, ur fekalak...). Gizakiok sortutako kutsaduraren ondorioa da beti. Ez da gurean bakarrik gertatzen ari den zerbait; gero eta toki gehiagotan ikusten dugu, Murtziako Mar Menor kasu ezagunean bezalaxe.

Eta zeintzuk dira irtenbideak? MITECOren ingurumen-teknikarien arabera, hauek biak:

  1. Aurretik, gehiago ez kutsatzea: Gogoratu dezagun oraindik Antzuola, Elgeta eta Soraluzeko ur fekal batzuk zuzenean ibaira doazela!
  2. Ostean, garbitzea: Baina erakunde publikoek ez dituzte ibaiak inoiz garbitzen. Eskerrak Baso Biziak taldekoei eta antzeko boluntarioei! Bestela…

Gure esku dago irtenbidea... baina bada oraindik presekin tematuta segitzen dena!

Gainera, jasaten ari garen klima-aldaketak (hau bai dela benetako arazoa) síntoma guzti hauek areagotu baino ez ditu egiten: bataz besteko tenperaturen igoera, muturreko fenomenoak (bero-olatuak, sikuteak…), itsaso zein ibai beroagoak, suteak, biodibertsotate galerak, giza osasunerako arriskuak eta intsektuek nahiz eltxoek zabaldutako gaixotasun tropikal “berriak”.

 

Hemen bada ezer ulertzen ez duena, enteratu nahi ez duena edo, berriro ere, bazterrak nahastu nahi dituena. Eta gure Deba Ibaia plataforma manipulazioaz akusatzeko... larrua behar da gero!

Merlin gezurretan etorri zen: Aldundiaren eta URAren erabakiak zirela esanez (ofizialtzat aurkezten gezurretako Plana), ufalekin beldurra eraginez (Soraluzeko Plan Hidrologikoa ezagutu barik, are gutxiago publikoki azalduz), 600 soraluzetarren eskaera zuzena baztertuz (“ni erreferendumen aldekoa naiz, baina erreferendum honen kontra nago” entzun genuen), Merlinek berak ilunpetan antolatutako prozesu “parte-hartzailea” martxan jarriz... Hau bai dela manipulazioa!

GDi-kook ez dugu inoiz inor ezta ezer manipulatu. Beti erabili izan dugu informazio publiko eta ofiziala. Eta inolako erakundek —ez Aldundiak, ezta UPV-EHUk ere— ezin izan digu kontra egin. Nahiago izan dute ezkutatu eta erantzunik ez eman. Zergatik? Akaso kontra egiteko modurik ez zutelako?

Ibai ederra daukagu eta, EHUko Unesco katedraren esanetan, inguruko paisaia aparta eta bakarra du. Gainera, eta Udalak eskatuta, katedra honen bi irakasle Ibaiaren Plan Integrala burutzen ari dira, aurki aurkeztuko dutena. Lan egin dezagun ibaia eta gure herria hobetzeko, egiatik eta errespetutik abiatuta.

Laburbilduz, orain dela lau urte ulergarriak izan bazitezkeen arinkeriak eta ezjakintasunak, gaur egun ezin da sustantzi bako berbarorik onartu, ezer esan baino lehen ikasi behar da!