Gure kale-izendegiak, gure historiaren eta balioen ispilu

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko martxoaren 7a

Debako kaleen izenek, hein handi batean, gure historia erakusten digute, izenda dezaketenen boterea eta balioak, eta ezjakintasunez edo axolagabekeriaz, batzuetan, ahantzi ohi dugun iragana ere bai.

1870eko kale-izendegitik izen batzuk mantendu egin dira; lehen, gaztelaniaz eta, orain, euskaraz: Soga kalea, Iturkale, Gurutze kalea, San Roke kalea, Portu kalea... 1936an, frankismoaren garaipenak aginte berriari zegozkion izenak ezarri zizkigun: Plaza del Generalisimo, Plaza de España, 23 de Septiembre, Plaza de Navarra –erreketeen omenez–... 80ko hamarkadan, aldaketa politikoen ondorioz, Plaza Zaharra, Gudari plaza, Ostolaza, Markiegi eta Nafarroa plaza, adiera berrituta, bihurtu ziren.

Beste batzuk, aldaketa sozialak gorabehera, kanpoan gelditu ziren, eta emakume bakar baten izena agertzen da, Tene Mujika, plaza ia ezezagun batean. Eta emakumeak ikusaraztea bada kontua, Lasturko Milia, Alosko Usua, Sasiolako Estibalitz eta beste hainbat idazle ere baditugu. Eta gauza bera gertatzen da gure herri kulturako ordezkariekin: Uztapide, Zubeltzu Zar, Sakabi...

Ezjakintasunak, axolagabekeriak edo beste arrazoiren batek Lersundi izena mantendu du gure kale-izendegian, nahiz eta Zaragozan (1848), Erroman (1849), Madrilen (1852) eta Kuban bere historia errepresiboa izan.

Lersundi Kubako kapitain jenerala izan zen 1866-1869 bitartean, 1867an izan ezik, eta uhartearen independentziaren aurkako eta esklabotza mantentzeko borrokaren arduraduna izan zen.

1868ko urriaren 10ean lehertu zen esklabotzaren aurkako eta askapen nazionaleko lehen altxamendua. Lersundik, Espainiako armada kolonialaren ahulezia ikusita, milaka boluntario erreklutatu zituen matxinoak menderatzeko.

Memoria demokratikoaren zale garenoi zer pentsatua ematen digu kale-izendegian haren izena mantentzeak, hemen ongile izan arren han esklabo zale eta zapaltzaile izan zelako. Kaleen izenak balio sinboliko handia du. Helburua ez da memoria ezabatzea, gure balio demokratikoak balioztatzea baizik.

--------

J.L.A.

Deba