Petronor, aski da!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko martxoaren 7a

Muskizko Petronorreko plantan bentzeno isuria izan zen joan den astean, eta herritarrak kalera atera ziren asteburuan, "aski da!" esateko. Meatzaldea ez dago salgai, Petronor, aski da eta Gu hiltzen ari zarete leloak ikusi ziren manifestazioan. Berriz ere enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa jo-puntuan. Izan ere, ez da Meatzaldeako bizilagunek halako istripu baten ondorioak jasan behar izan dituzten lehen aldia. Abenduan gasolina depositu batean izandako istripuak bentzeno maila nabarmen igotzea ekarri zuen; eta azken istripu hori baino asteburu bat lehenago ke laino beltzak eragin zituen Muskizen argindar eten batek.

Eusko Jaurlaritzak zabaldutako bertsio ofizialaren arabera, gorabehera bat izan omen zen gasolina depositu batean, eta, ondorioz, bentzeno isuria izan zen. Hori goizean gertatu bazen ere, Eusko Jaurlaritzak gauera arte ez zuen eman etxetik ez ateratzeko gomendioa. Bitartean, bizilagunek gai kutsakorrak arnastu zituztela agerian geratu da.

Bizilagunak haserre daude, eta agintariengan jarri dute erantzukizuna: administrazioak ezikusiarena egiten du, gertakariei garrantzia kentzen die, ez du enpresa zigortzen eta ez du gardentasunez informatzen. Isuria berriro ez errepikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari.

Azkenik, Petronorren webgunean sartu zarete? Nor garen: Zero emisio garbietara iristeko Repsol Taldeak 2050erako ezarritako helburuarekin konprometituta dagoen enpresa gara. Petronorren berrikuntzan eta teknologian inbertitzen dugu. Espiritu horri esker, 'bigarren eraldaketa handi' bat abiarazi dugu; 2019aren amaieran hasi zen, Repsol Taldeak 2050erako emisio garbi zero dituen enpresa izateko konpromisoa hartu zuenean, klima-aldaketaren aurkako borrokari buruzko gizarte-eskariari erantzuteko. Eraldaketa honek Petronor industria energetiko anitz gisa ulertzeko ikuspegiari erantzuten dio: oso eraginkorra den industria, energia eta industriaren ekosistema integratu baten erdigune bihurtzen dena, eta energia garbiaren, ekonomia zirkularraren eta berrikuntzaren kluster baten buru dena.

Gezurrek bide motza dutela...

--------

A.I.Z

Elgoibar