Martxoaren 28an, iluntzean, etorri zitzaigun Azkaratetik eta guk Saturioraino lagundu genion. Hura jendetza, hura giroa –eguraldia ere lagun izan genuen–, hura emozioa, hura dena ondo aterako ote zen ardura... Biba parte hartu zenuten denok!
Urrutitik ikusita, AEK euskaltegian dihardugunoi sortzen digun zirrarak ez du parekorik, baina, gerturatu ahala, ezin dugu ahaztu honek guztiak aurretiko isileko lan eta parte-hartze handia eskatzen duela. Hori dela eta, era batean edo bestean lagun izan zaituztegun denoi eskerrak eman nahi dizkizuegu, baina, inor ez ahaztearren, ez dugu izenik aipatuko.
Edizio honetarako aukeratutako leloak Euskara gara zioen; hau da, euskararen herria eta gara. Hots, komunitatea. Elgoibarren ere gu horiek euskararen lekukoari heldu behar diogu eta erabili, horixe eginda, batek zioen moduan, "lanak eginda" leudeke eta. Batez ere, gazteok, Korrikan erakutsi duzuen grina, zuen bizimoduan ere erakutsi ez zaretela "folklore hutsa", baizik eta herri euskalduna nahi duzuela. Nagusia den inork ez dezala pentsa bera libre dagoenik, baina motorrak gaztea behar du.
Herri euskaldun hori lortze bidean AEK euskaltegiak makina bat urtean dihardu lanean, herritarren beharrak asetzeko eskolak ematen: dela seme-alabei laguntzeko eta eurekin gozatzeko, dela lagunei ulertzeko, dela integratuta sentitzeko, dela tituluren bat lortzeko...
Mezugileek idatzi zuten moduan: Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude. Aurrera goaz. Elgoibartarrok bazatozte? AEK euskaltegian ateak zabalik daude.
Elgoibarko AEK Euskaltegia