Beste erailketa matxista bat

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko apirilaren 18a

Beste erailketa matxista bat Euskal Herrian. Oraingoan, Iruñean, emakume bat terrazatik erori da, urruntze-agindua hautsi zuen gizon batengandik ihesi. Beste behin, agerian geratu dira instituzioen babes-neurrien mugak, urruntze-agindua urratu baitu gizon batek, emakumea babesgabe utziz.

Azken hamabost egunetan bi emakume izan dira erailak eta erailketa saiakera bat izan da Euskal Herrian. Izan ere, egunero pairatzen dugu indarkeria matxista, eta emakume izate hutsagatik erailak gara. Agerikoa da, gainera, egunero izaten ditugula erasoen berri, titularretan, gure inguruan edota gure egunerokoan.

Horregatik, batetik, matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei aurre egiteko beharra azpimarratu nahi dugu Itaiatik; indarkeria matxista normalizatzen duen testuingurua sortzen duelako eta, hala, emakumeen aurka egiteko erasotzaileen inpunitatea areagotzen duelako. Bestetik, matxismoaren aurkako borrokara batzeko eta erailketen aurka kaleak hartzeko deia zabaltzen dugu: eraso orori aurre eginez, erasotuak izan diren emakumeei beren bizitzekin jarraitzeko kalitatezko bizi baldintzen alde eginez, eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatuz. Gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatu dadin, batu borrokara!

Deba bailarako Itaia