Eskerrik asko

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko apirilaren 25a

Argazkila: @Fotorunners

Hamalaugarrena egin dugu. Zuei esker lortu dugu aurtengo Kilimon Trail mendi lasterketa, kirol ikuskizun handia ez eze, jai handia izatea herrirako. Euskal Herriko Koparako proba puntuagarria izan da aurten lasterketa seniorretan eta Euskadiko Txapelketa 18 urtez azpikoetan, eta lehenaz gain, ardura handia izan da hori, halakoetan gauza asko direlako zaindu beharrekoak, baina, zorionez, Mendaroko herriak bikain erantzun du aurten ere.

Beraz, lehenengo eta behin, eskerrik asko zuen onena eman duzuen boluntario guztioi, bai eta Mendaroko Udalari ere, bereziki mendi garbitzen egindako lanagatik. Laguntzaile eta babesle izan zaituztegun gainerako erakunde eta enpresei, beste horrenbeste, zuen bultzadarik gabe ezinezkoa zatekeelako, ilusio hutsarekin gauza gutxi lor baitaitezke gaur.

Eta mila esker, era berean, baserritarroi eta lur jabeoi, zuen parajeak aurretiaz markatzen laga eta egunean bertan zuen abelburuen bazkalekua korrikalarientzako libre lagatzeagatik. Aurten, lasterketa streaming bidez emateko saiakera ere egin dugu estreinakoz, sei leku finkotan sei kamera jarrita. Joseba eta Jon Abad anaiek antolatu zuten sistema informatiko guztia. Lan bikaina zuena, mutilak! Zuei esker zuzenean ikusi ahal izan genuen lasterketa osoa helmugan.

Zoritxarrez, baina, emisioa eten egin zigun Youtubek, baimen kontu bategatik, eta antolakuntzakook baino ezin izan genuen zuzenekoaz gozatu. Pena. Beti dago zerbait fintzeko eta ikasteko, baina, hala ere, pozik gaude hamalaugarrenak eman duenarekin. Hustuta amaitu dugu, baina hartuko dugu indarra urtebetean. Datorren urtean ere hor izango zaretelakoan, izan ondo!

Kilimon Trail