Gaur egun, kanpaiek ordu laurdenean behin jotzen dute eguneko 24 orduetan, gauez ere etenik gabe. Neguan, agian, ez da horren nabarmena, baina uda iristearekin batera egoera zailago bihurtzen da. Etxe askotan, beroari aurre egiteko, gauez irekitzen ditugu leihoak, etxea freskatzeko. Elizatik gertu bizi garenok, ordea, kanpaikada guztiak entzun behar izaten ditugu: laurdenak, erdiak, hiru laurdenak eta puntuak.
Kanpaiak herriko ondarearen eta tradizioaren parte direla inork ez du zalantzan jartzen. Hala ere, galdera bat egin nahiko nuke: benetan beharrezkoa al da kanpaiek gau osoan zehar maiztasun horrekin jotzea? Izan ere, askotan, esnarazi egiten gaituzte edo atseden egokia hartzea zailtzen dute.
Gai hau behin baino gehiagotan aipatu bada ere, ez dirudi aldaketarik izan denik. Horregatik, eliza inguruan bizi garen herritarren izenean, hausnarketa bat egitea eskatuko genuke. Agian, posible izango litzateke gaueko orduetan kanpaikadak isiltzea edo, gutxienez, maiztasuna murriztea, herritarren atsedena eta bizi-kalitatea zaintzeko.
Eliza inguruan bizi garenok noiz arte pairatu beharko dugu egoera hau?
Eskerrik asko gai honi tarte bat eskaintzeagatik.
E.T.