Ez dago hobeto aukeratzerik: Ezinbestekoak. Gure berezko hizkuntza nazionalak, ofiziala izanagatik ere gurean, ezinbestekoa duelako euskaltzaleak aktibatu, elkartu eta antolatzea. Azken datuak eta ikerketa soziolinguistikoak hor daude. Larrialdi linguistikoan dago euskara, eta pizkunde berri baten beharrean. Debako Udalaren azken datuek erakusten duten bezala, gure herrian, adibidez, umeen eta gazteen arteko euskararen erabilpena jaisten doa. Eta ez da euren errua.
Horrez gainera, Zuhatza euskaltzaleen mugimendua biziberritzen ari den unean etorri da saria. Eta aitortza honek energia berria eta indarra ematen digu ahaleginean aurrera egiteko. Espero dezagun bultzada honek euskaltzaleak Zuhatzara biltzeko pizgarria izatea. Euskaldun bakoitza bere sentimendutik, bere motibaziotik, bere zaletasunetik lekua izango baitu antolaketa berrian, euskarak ezinbestekoa duen normalizaziorantz jauzia egin dezan. Politika publikoak herritar aktibo eta antolatua beharrezko duelako.
Amaitzeko, Ezinbestekoak saria jasotzeko egun aproposa da Zuhatzarentzat gaurkoa -joan zen larunbataz ari da, ordurako idatzia baitzuen-. Gaur elkartuko baitira Iruñean Euskal Herriko euskaltzaleak Euskaltzaleen Martxan, euskaraz bizitzeko baldintzak eskatzeko, euskaraz bizitzeko behar den dena aldarrikatzeko. Euskaltzaleak gogoan, eskerrik asko.
Joseba Escudero - Debako Zuhatza Euskaltzaleen mugimenduaren izenean