Begirakun izpirik, goraipatze erdirik, ezta aldeko ipuin-labur lehiaketatxorik gabe, aginte-jendeak amatatu egin ditu gauez. Baita isildu ere, 500 herritarren –ez eliztarren– ahotsak. Itsusi, esker gaiztoz, ez batari ez besteari inongo herri onurarik onartu gabe, ito eta kitto.
Hanka-jokoan armiarma galanta oheburuan dagoela ikusi, begiak itxi aharrausika, eta lo saka-saka egiten duten batzuk badaude. Bejondeizuela. Kanpaien kontrako kexa sartu duenak zuzen jokatu du, jakina baietz, baina kexa jaso duenak?
Morokilak darama: elizan baimenik gabe sartu eta milaka eurotako gastua sortu; Espainia guztiko telebista-kate narrasak iraintzera ekarri; komeni ez dena, ez neurtu, ez aztertu; Arartekoari nahi duenean bakarrik kasu egin; herritarren parte-hartze-mintzakiderik ez bilatu, ez aldarrikatu; baliabideak erakunde-indarkeriazko prozesu juridiko alderdikoietara besterik ez bideratu; 500 herritarren eskaria ibaira jaurti, erantzun, ardura, ordezkapen, modu txukun, justu, arrazoi ganorazko gardenik gabe...
Aukerakoa izan da, elkar-moldatze kontziliotxo jantzi baten, aditu, aitzaki, txosten, neurketa, balizko epaile, dekretu, helegite dirutsu, etab. dantzan elkarri igurtzika ipintzea. Izan ere, elizako aldaretik bertatik entzun genituen alkate jaunaren aldeko lora eder eta mihazkadak. Txaloak falta, urtean zehar txarraskan eskainitako umeentzako Gabon-kanten letra aldaketa, San Martzialgo martirienganako burla eta holakotxe gogo-jardunei. Eskerrak.
Kanpaien auzian, alkate jaunak 500 herritarrek –izen-abizen eta guzti– eskatutakoa ere hartu beharko luke aintzakotzat, eta ez bakarrik abade jaunak esandakoa. Honek atal hori eskuratu eta zorrotz erabiltzerik nahi izan ez duelako. Topo egin ezean, biori hemendik: bizkarrik eman gabe, dagokionak ahots hori ere ganoraz jaso arte, mesedez, laga itzazue herriko kanpaiak bakean. Apaiz jauna, arren jakin dezala berorrek, oso aurki izan daitekeen nire hiletan, ez dudala biderako behar nik halako lorarik. Eta alkate jauna, faborez, niregana boto eske alferrik ez azaldu.
Alex Garcia.
Argazkiko ordulariari laguntzeko, honako bertsoa ere helarazi du Alex Garciak: