Urrutira joan gabe, astelehenean, txistua bota zuen lurrera ondoan nuen gizonezkoak. Eta ez behin; bizpahiru aldiz egin zuen tu. Kargu hartu nion. Barru-barrutik irten zitzaidan, pentsatu izan banu beharbada ez nintzatekeelako ezer esatera ausartuko. Eta zer da, eta neure kontuetan sartzeko esan zidan hark, inolako lotsarik gabe. Mututu egin ninduen. Joan den ostiralean, berriz, hartu genuen trena lagunak eta biok Debara kontzertu batera joateko, eta bidaia osoa egin genuen bideo-deian ari zen neska kuadrilla baten elkarrizketa entzuten. Oporraldiko planez hasi ziren, iji eta aja, builaka, besteon arteko elkarrizketa guztiak isilduz. Gertatu izan zait beste batzuetan ere antzeko egoerak bizitzea.
Eramanezina egiten zait, era berean, tren barrukoak jaitsi gabe jendea bultzaka trenera sartzen ikustea. Badakit presak hartuta bizi garela denok, baita hondartzara goazenean ere, baina ez dakit, ba... Kabituko gara, eta kabitu ezean, Euskotreni uda garaian zerbitzua indartzeko eskatu beharko diogu edo.
Eta hizkuntza-erregistroena beste kontu bat da. Elkarri irainka entzuten dut gazte jendea, direnak eta bi esanez elkarri. Itxuraz, lagun kuadrillak dira, eta normal-normal ari dira beren hizkera horretan, baina niri min egiten dit belarrira. Ez dakit neu naizen edo gizartea aldatzen ari den.
J.A.