Diotenez, eraldaketa honen helburu nagusietako bat, oinezkoentzat ingurunea sortuz, Estalitako pasabidearen eta Gudarien Plazaren arteko integrazioa da. Baina nola integratu daiteke, trafiko ikaragarria duen N-634 tartean egonda? Estalitako paseoaren alboan errepideari itsatsita egin duten espaloi berriak segurtasuna bermatuko al du? Eta ez al litzateke bertan txertatu beharko Mendarorako noranzkoan beste autobus geltokia?
Espazio berri hau polita geldituko da, eta itxurazko integrazio estetikoa ere lortuko du, baina ikuspuntu praktiko eta funtzional batetik begiratuta askorentzat galera handia dakarrela pentsatzen dut. Azken finean, espazio horrek auto gidariei eskaintzen zien dinamismoa galduko du. Badirudi eraldaketa hau erabaki eta diseinatu duenak Deban sekula autorik erabili ez duela edota azken 20-30 urteetan bertan bizi izan ez dela.
Autobusen parada bertan txertatzea oso ideia egokia iruditzen bazait ere –jakinda Plazari metro bat edo bi kenduz errepideak espazioa irabaziko lukeela–, Deban, beste herri gehienetan ez bezala, esertzeko banku eta zuhaitzez oso ondo hornituta gaudela pentsatzen dut –Gudarien Plazatik bertatik 50-100 metrora nahi beste ditugu–. Hori bai, proiektu hau kostatu den zati batekin, gure zumardiko bankuak txukundu, pintatu edo banku berri erosoagoak ipiniko nituzke.
Herritarron ongizatea bilatzea ezinbesteko da, baina orain arte Gudarien Plazak eman dizkigun aukera funtzionalak galtzeak ongizate bera kaltetu dezakeela ere uste dut. Iruditzen zait autoa erabiltzen dugun guztiontzat herriaren erdi-erdian minutu batzuetarako autoa uzteko aukera ez izatea, bertan noranzko-aldaketa erraz egiteko lekua galtzea edota jendea autoan jasotzeko eta bertan lagatzeko espazio eroso eta seguru bat ez izatea, atzerapauso ikaragarria dela.
Ina Oiartzabal Errasti