Gure aitona, Matias Iruretagoiena Urdanpilleta, “Matias txoferra”, Zarauzko ALFA fabrikako kamioi gidaria zen, eta sarritan egiten zuen Eibar alderako bidaia, josteko makinen neurrira egindako altzariak enpresako egoitza nagusian entregatzeko. Garai hartan (1957an), artean A-8 autopista eraiki gabe zegoenez, Deba bailara zeharkatzen zuen helmugara iritsi arte. Eta horietako bidaia batean zoritxarreko ezbehar bat izan
zuen: kamioiarekin haur bat harrapatu eta berau lekuan bertan hil zen. Alabaina, ume hori ez zen gertakari latz horren biktima bakarra izan: aitona orain depresio deituko genukeen tristura handi batek hartu zuen, eta hurrengo hilabeteak ohean pasa zituen. Halaxe hil zen, 1959ko San Jose egunean.
Orduz geroztik ia 70 urte pasatu diren arren, nire baitan galdera-ikur handiak daude ezagutu ez nuen aitonaren inguruan. Nola gertatu ote zen istripua? Non? Zein zen hildako haur hura? Nola bizi izan zuen bere familiak ume txiki horren galera? Eta ba al dakite gure aitona istripu hark sortutako minez hil zela?
Galdera horiei guztiei erantzuna topatzeko saiakera da hau. Ezer gutxi dakit gertakari buruz, amak 7 urte baitzituen istripua gertatu zenean. Berak beti esan izan du neskatila txiki bat izan zela biktima, 3-5 urte bitartekoa. Itxura denez, bere senitartekoek denda bat edo omen zeukaten, eta errepidea zeharkatzen hasi zenean harrapatu omen zuen aitonak. Beste xehetasun bat ere oroitzen du amak: atzeko gurpilen artera sartu ei zen
haurra… baina datu honek zalantzak sortzen dizkigu. Izan ere, adin horretako haur batek dagoeneko badauka kamioiaren ardatzaren azpira ez sartzeko pertzepzio naturala. Ez ote zen bada ezbeharra atzera martxako maniobra batean gertatuko?
Berriki, beste hari-mutur bat agertu da istorio honetan. Zarauzko bizilagun batek kontatu didanez, gure aitonak Txarriduna jatetxean bazkaldu ohi zuen Eibarrera egin beharreko joan-etorrietan, eta ondorioz, litekeena da istripua Elgoibar inguruan gertatu izana. Horregatik bidali dut mezu hau BARRENA aldizkarira, irakurleren batek gertakari honi buruzko zerbait oroituko duen itxaropenez.
Ni saiatu naiz, han eta hemen, informazio gehigarria biltzen, batez ere sarean garai hartako prentsa irakurriz (La Voz de Guipúzcoa eta beste egunkari batzuk), baina tamalez orain arte ez dut arrastorik topatu. Ea Deba bailarako herritarren laguntzarekin internetekin posible izan ez dena lortzen dudan. Edozein datu edo argibide izatekotan, mesedez, jarri harremanetan aldizkariarekin.
Aldez aurretik, mila esker!
Igor Etxabe Iruretagoiena (Zarautz)