Udaletxea, beste batzoki bat ote?

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

PNVren patrimonializazio joerak ez du mugarik. Izan ere, igaro den asteburuan, Zirardamendin 1936ko gerran hil zituzten gudarien omenezko ekitaldia egin zen, 2013tik Elgoibarko Udalak urtero antolatuta.

Aurten ere EH Bilduk eskaera zehatza egin du elkarrekin antolatzeko, Udalean garen hiru alderdien artean eta Zirardamendiko memoria berreskuratzen lan egin duen Elgoibar1936 elkartearekin.

Ekitaldi anitza proposatu genuen, instituzionala, politikoki orekatua eta herritarra, aurreko beste urteetan ez bezalaxe, non PNVko Euzkadi Buru Batzarrekoek monopolizatu izan duten eguna.

Baina ez dute nahi. Lauzpabost egun falta zirela, nork hitz egingo zuen, zer egingo zen, antolatu gabe zegoela esan ziguten, eta guk proposamena egiteko. Alferrik. Inori entzun ez eta PNVk nahi zuena egin du: alderdi ekitaldia egin du alderdiko buruak gidatuta. Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak gidatu zuten ibilbidea, zioen astelehenean Barrena.eus-en kronikak. Estebanen hitzak gehituz: "Gudari haiek bezala, babes-horma bat gara (...) totalitarismoaren kontra".

Zein da EBBko burua Elgoibarko Udalaren ekitaldi instituzional bat gidatzeko? Zer dio horrek totalitarismoaren aurka, Udaleko bigarren indarra eta memoria berreskuratzen lan eskerga egin duen herriko elkartea nahita urtero baztertu dutenean? Zirardamendin faxismoa borrokatu zutenak anarkistak eta kolore guztietako abertzaleak ziren. PNVk uste du denak bereak zirela, memoria berea dela, Udala berea dela. Hurrengo udal hauteskundeetan erremedioa ipiniko diogun arte, ordea.

EH Bildu Elgoibar