Autobus zerbitzu duina

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Azkenaldian, sarri joan behar izaten dut Donostiara, eta gaur, asteartea, autobus geltokira abiatu naiz, beti bezala, garaiz. Autobusa 09:20an izaten da, baina, jende asko egoten denez, beti joaten naiz 15 bat minutu aurretik, ilara egitera. Gaur, ordea, ez da nahikoa izan. Aurreko autobusean sartu ezinda geratu direnak ere zain zeuden, eta Eibartik ia beteta iritsi da autobusa. Bi lagun sartu dira, eta hogei geratu gara kanpoan.

Autoz ezin da Donostiara joan, aparkatzeko sekulako zailtasunak daudelako, eta orain, gainera, ke emisioen kontuarekin erdigunera sartzera debekatuta dute askok. Egoera horren ondorioz, herritar askok erabiltzen dute autobusa unibertsitatera, lanera edota medikuarengana joateko. Gaur, esaterako, medikuarengana joan behar zuten batzuk geratu dira autobus geltokian.

Trena ere badaukagu Donostiara joateko, baina autobusaren ordu berean da, eta ez dago marjinarik estaziora garaiz iristeko.

Ez da gaurko arazoa; aspalditik datorren kontua da, eta, errefortzuak jartzen dituzten arren, begi bistakoa da ez dela nahikoa. Aspertuta gaude egoera honekin. 30 bat urte dira zerbitzu hau Lurraldebusek hartu zuenetik, eta egoerak berdin jarraitzen du. Garraio publikoa erabiltzeko dei egiten dute agintariek, baina ez dute zerbitzu duina ematen. Zergak ordaintzeko bakarrik nahi gaituzte?

Udaletxera eta Foru Aldundira askotan deitu dugu, eta beti erantzun berbera ematen digute: zerbitzua hobetzeko lanean ari direla. Baina hobekuntza hori ez da iristen. Nekatuta gaude egoera honekin.

Garraio publikoa bai, baina duina. 

J.M.F.